75.000 milioi Portugalera bidean

Socratesen dimisioak erreskatearen atean jarri du herrialdea; faktura zenbatekoa izango den aurreratu du Junckerrek

2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Euroaren lehiakortasuna handitzeko itunaz hitz egiteko bildu ziren Europako Batasuneko gobernuburuak atzo Bruselan. Baina Portugalgo finantza krisia izan zen goi bilerako gai izarra. Herenegun, oposizioak gastu publikoa murrizteko neurriak atzera bota ostean, dimisioa eman zuen Jose Socrates Portugalgo lehen ministroak. Eta lehen nahikoa gaizki ezeta horrek are okerrago utzi du herrialdea. Erreskaterik eskatu beharrik ez izateko ahal duen guztia egingo duela esan du Lisboako Gobernuak. Baina saihestezina dela uste dute Bruselan bilduta daudenetako gehienek. Itxura denez, baita Jean-Calude Juncker euroguneko ekonomia ministroen taldeko presidenteak berak ere, dagoeneko aurreratu baitu fakturaren zenbatekoa: 70.000 miloi eta 75.000 milioi euro artean. Orain arteko erreskaterik merkeena litzateke, Grezia 110.000 milioi euro eta Irlanda 85.000 milioi kostatu baitzitzaizkien euroguneko herrialdeei eta Nazioarteko Diru Funtsari.

Socratesen murrizketa plana baztertu arren, garbi dago neurri berriak hartu beharko dituela Portugalek, onean edo txarrean. Garaiz hartzera, agian erreskatea saihesteko modua izango luke oraindik; azken trena galtzen badu, berriz, laguntza eskatu beharko dio EBri, eta hark trukean eskatuko dizkion baldintzak ez dira samurragoak izango. Gainera, Socratesen dimisioak boterean utzi duen hutsuneak asko zailtzen ditu balizko erreskate baten negoziazioak. Pedro Silva Pereira Portugalgo Presidentetzarako ministroak azaldu duenez, atzo bertan osatu zuten hauteskundeak egin bitartean herrialdea gidatuko duen jarduneko gobernua. Gobernu horrek eskumenak mugatuta edukiko ditu, ordea. «Kontu publikoak kudeatzeko behar-beharrezko eginkizunak baino ez ditu izango», Silvaren hitzetan.

Horrenbestez, Portugalen eta, oro har, euroa darabilten herrialdeen egoera egonkortzeko irtenbide konstruktiboak bilatzen saiatu ziren atzo EBko gobernuburuak. Horrek bakarrik lasaitu ditzake merkatuak, baina ez dirudi edozerekin konformatuko direnik. Portugalen zorraren errentagarritasuna %8,4raino iritsi da azken egunetan, aditu askoren ustetan eutsi ezinezkoa den mailara, %7 gaindituz gero erreskatea ezinbestekoa dela baitiote. Gainera, Fitch rating etxeak bi koxka jaitsi zuen atzo Portugalen zorraren kalifikazioa, A+etik A-era. Agentzia horrek iazko mailan mantentzen zion zorraren kalifikazioa; Standard & Poor's eta Moody's agentziek, ostera, behin baino gehiagotan jaitsi diote azken hilabeteetan. Hala ere, oraindik ontzat eman daitekeen maila bati eusten dio.

Erreskatea eskatzeak, ordea, ez du esan nahi arazo guztiak bat-batean konponduko zaizkionik Portugali. Irlandaren kasuan, esaterako, kontrako eragina izan zuen, arazoa inguruko herrialdeetara zabaldu baitzen. Litekeena da berriro ere gauza bera gertatzea, eta Espainia, Belgika eta Italia dira erortzeko arrisku handiena dutenak.

Beraz, denborak erakutsiko du Portugalek zein norabide hartu beharko duen. Ekainera bitarte 9.000 milioi euro itzultzea tokatzen zaio. Finantzatzeko modua lortzen badu, litekeena da erreskatea atzeratzea; lortzen ez badu, ezinbestekoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.