76 lagun zauritu dira eta bederatzi atxilotu dituzte bart gauean Madrilen, Solen meatzarien alde egindako manifestazioan sortutako liskarretan. Martxa Beltza delako mugimenduko meatzariak protesta egin zuten bertan, euren sektorerako Espainiako Gobernuak iragarritako diru laguntzen %62ko murrizketaren aurka.
Istiluak "antisistema" mugimenduetako kideek hasi zituzten, Espainiako Poliziaren arabera, eta "ez meatzariek", nabarmendu dutenez. Industria Ministerioa babesteko zegoen hesi bat harrikatzen hasi ziren eta Poliziak karga baten bidez erantzun zuen. Zaurituetako 33 poliziak dira. 76 lagunek zauri arinak dauzkate. Gobernuak esan du atxilotuak "ezagutzen" dituela Poliziak lehendik ere, eta "antisistema" mugimenduetako kideak direla.
M15 mugimenduaren deialdiari erantzunez, milaka lagunek egin zuten bat Gaztela eta Leon, Aragoi eta Asturiastik joandako 400 meatzariko segizioarekin. Manifestazioan hamar mila lagun elkartu ziren, Espainiako Gobernuaren arabera, eta 500.000, antolatzaileek diotenez—. Gobernuak iragarri dituen murrizketak salatu zituzten, eta Juan Manuel Soria Industria ministroaren aurkako oihuak bota zituzten. Martxa baketsua izan zen, Solen liskarrak sortu ziren arte. Hainbat edukiontzi erre zituzten, baita denda bat ere.