Cajasurren 470 bulegoak atzo zabaldu ziren lehen aldiz BBK Bank Cajasurren sukurtsal gisa. 470 dira guztira, gehienak Andaluzian eta Extremaduran (Espainia). Cajasurren bezero zirenak orain BBKren bezero diren arren, itxuran ez dute alderik nabaritu, oraingoz lehengo erakunde irudiari eutsi baitiote.
BBK-k BBK Bank sortu zuen Cajasur kudeatzeko. Orain izena aldatu dio, Cajasur ere gehitzeko. Dirua ere sartu du: 800 milioi euro, kapital handitze baten bitartez. Iragarritako urratsa izan da. BBK Bankek mila euroko 800.000 akzio jaulki ditu, eta guztiak BBK-k erosi ditu, bankuaren akziodun bakarrak. 818 milioi euroko kapitala du orain.
Diru horren helburua Cajasur berregituratu eta bideragarri egitea da. Ez baita ahaztu behar kutxa horrek azarora arte 949,98 milioi euroren galerak pilatu zituela eta mila milioi euroak gaindituko dituela. BBK-k esan du espero zuen kopurua dela, Espainiako Bankuari Cajasur eskuratzeko eskaintza egin zionean.
Funts propioekin
Bizkaiko kutxako arduradunek nabarmendu dute funts propioekin aurre egin diotela erosketari, mende batean pilatutako ondarea arriskuan jarri gabe eta kaudimenari eutsiz. Hala ere, jaitsiera nabarmena izan du kaudimen tasak, Cajasur eskuratu aurreko %22,2tik %13,8ra.
Trukean, asko handitu da BBK, %70etik gora. 48.700 milioi euroko aktiboak ditu orain, 48.700 bereak zirenak eta 18.900 Cajasurrenak.
BBK Bank Cajasurrek presidente berria izango du, Jose Carlos Plak ordezkatu baitu Xabier de Irala, BBKren presidente ohia. Irala kontseilari izango da. Pla Cajasurreko zuzendari nagusi izendatu zuten irailean. Bertara iritsi aurretik BBVAn lan egin du:zuzendari nagusiaren ondokoa, BBVA Seguroseko administrazio kontseiluko presidente eta BBVAk Latinoamerikan izan duen hedapenaren arduradun nagusietako bat izan da.
Oraindik konpontzeke duten arazoetako bat langileen kaleratzea da. BBK-k 40-45 milioi aurreztu nahi ditu langileak kaleratuz —ez du zehaztu zenbat—, gehienak erretiro aurreratuen bitartez. Orain arte hainbat bilera egin ditu sindikatuekin, baina ez du akordiorik lortu. Cajasurrek hiru mila langile inguru ditu.
800 milioi euro, Cajasur bideragarri egiteko
BBK Bank Cajasurren kapitala handitu dute, eta Jose Carlos Pla izendatu dute presidente
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu