Gasteizko merkataritza ataleko epaitegiak 900.000 euroko isuna ordaintzera zigortu du Joan Villadelprat Epsilon Euskadiko arduradun ohia. Epaileak dioenez, enpresaren porrotaren erantzule izan zen Villaldeprat, bere atalik errentagarriena saltzean (auto lasterketa taldea) Epsiloni kiebra deklaratzea beste aukerarik eman ez ziolako. Epaiak dio salmenta hori "iruzur" bat izan zela. Horregatik hiru urtez beste baten jabetzak administratzeko debekua ezarri dio ingeniari katalanari, eta Epsilonek harekin izan ditzakeen zorrak berreskuratzeko debekua ere inposatu dio.
Epsilonek pilatutako zorrak pagatzeko baliatu beharko dira 900.000 euroak. Ezer gutxi estaliko dute, enpresak milioika euroren zorra utzi baitzuen dirulaguntza publiko oparoak jaso arren.
Euskal Herrian punta-puntako auto lasterketa talde bat sortzea zen Epsilon Euskadiren helburua, eta Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren laguntza handia jaso zuen. 50 milioi euroren finantzaketa lortzen lagundu zion, horretatik zati handi bat diru publikoa. Espainiako Gobernuak ere jarri zuen zati bat, EAJk aurrekontu proiektuak sustatzearen truke.
Apustuak, baina, porrot egin zuen: taldeak ez zuen 1 Formulan aritzeko baimenik lortu, eta 2011ko otsailean konkurtso legearen aurrekora jo zuen. Ia ez zuen diru sarrerarik, eta ezin zien bere hornitzaileei ordaindu; are gutxiago, Kutxari eta Vital Kutxari eskatutako maileguak itzuli.
Konkurtsoa urte horretako uztailean iritsi zen. Aurretik, apirilean, Villadelpratek enpresaren lasterketa autoaren adarra (Epic Racing) saldu zuen, fiskaltzaren arabera, «benetako balioa baino askoz prezio merkeagoan». Adar horrek zekartzan enpresaren diru sarreren %80, babesleen bidez. Operazio horrek Epsilonen egoera are gehiago okertu zuela argudiatu zuen fiskalak. Salmenta hori beste epaitegi bat ari da aztertzen, eta hemendik hilabetera deklaratzera deitu ditu Villaldeprat eta Mark Payne Epic Racingeko arduraduna. Salmenta horren ardura osoa Villadelpraten gain utzi zuen atzo Manuel Nogales Miñaoko Teknologia Parkeko zuzendari izandakoak.
Salbatzeko ahaleginak
Urriaren amaieran egindako epaiketan, salmenta hori defendatu zuen Villadelpratek, langileentzat «bidezkoena» zelako. Edonola ere, adar horri eutsita ere ezin izango zietela zorrei aurre egin gaineratu zuen. Aurretik, ordea, enpresa salbatzeko ahaleginetan aritu zela gogorarazi zuen. 2010ean inbertitzaileak bilatu zituzten Txinan edota Arabiar Emirerri Batuetan, baina saioek porrot egin zuten. AEBetako inbertitzaile batek ere azken unean egin zuen atzera, «arrazoi pertsonalengatik».
Epsilonek jasotako laguntzei buruz, Villaldepratek zalantzan jarri zuen 50 milioi eskuratu izana, nahiz eta hori den bili-bolo dabilen kopurua. Argudiatu zuenez, Espainiako Gobernuari urte batean eskatutako 25 milioietatik lau milioi iritsi ziren, eta azken urtean eskatutako 15 milioien ordez 15.000 euro jaso zituzten.
Epsilonen aferak hainbat milioiren galera eragin dio Eusko Jaurlaritzari. Zuzenean emandako laguntzak ez ditu berreskuratuko, eta baliteke gehiago ere galtzea. Izan ere, Jaurlaritza da, SPRI industria sustatzeko agentziaren bidez, Miñaoko Teknologia Parkearen akziodun nagusia (%64 du, %33 Arabako Aldundiak eta %2 Gasteizko Udalak). Parkea bermatzailea izan zen Kutxak eta Vital Kutxak Epsiloni egoitza egiteko eman zion 22,5 milioi euroren maileguan. Zor hori negoziatu zuten alde guztiek iaz, eta 16,3 milioi eurora jaistea hitzartu zuten. Zorra Parkearen esku dago orain, eta harena da, beraz, Epsilonen egoitza hustua.