Enpresak

ABEE baten itzala gero eta luzeagoa da Gasteizko Mercedesen

Mercedesek beste astebetez geldituko du ekoizpena: hirugarren astea jarraian. Gasteizko fabrikako zuzendaritzak dio txipen eskasiaren auzia ez dela konpondu

Mercedesen fabrika, Gasteizen. BERRIA
xabier martin
2021eko irailaren 8a
14:38
Entzun

Gasteizko Mercedesen, tentsioa gora egiten ari da, langileak ikusten ari direlako fabrika ez dela berreskuratzen ari bere ohiko jarduera. Langile batzordeak jakinarazi du datorren aste osoan ere ekoizpena geldirik izango duela Euskal Herriko lan zentro handienak. 5.000 behargin dituen plantan osagai jakin batzuen hornidura falta zaie, eta, erdieroaleen eskasiaren auzia, hortaz, bete-betean jotzen ari da fabrika.

Batera edo bestera, ELA sindikatuak ohartarazi du «lantaldearen zati handi bat» aldi baterako enplegu erregulazioan sartuko dela egun gutxian. Mercedesentzat aritzen diren hornitzaileei ere eragingo die geldialdiak, eta «milaka» izango dira kaltetuak, ELAren ustez.

Abuztuaren 30ean geldiarazi zuen ekoizpena zuzendaritzak txipak eta erdieroaleak falta zituelako. Konpainiak dio nazioarte mailako arazoa dela, eta oraindik ez duela soluziorik. Hala, hirugarren astez egongo da fabrika ekoizpena geldirik duela. Azken gorabehera honek ez dio eragin, momentuz, fabrikak urteari begira duen ekoizpen helburuari; azken gaurkotzearen arabera, 134.662 furgoneta ekoitziko ditu Gasteizko Mercedesek, urte hasieran ezarritako helburua baino 3.600 ibilgailu gutxiago.

Sindikatuek diote azken geldialdi honek ez duela eragina izango urteko helburuan, eta zuzendaritzak esan diela ez direla kontratazio helburuak ere aldatuko, txipen auzia konpontzen denean «topera lan egitea delako asmoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.