Abenduaren 19an enkantean salduko dute Jukosen filiala

Erredakzioa
2004ko azaroaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Errusiako Gobernuak abenduaren 19an enkantean salduko du Jukos petrolio ekoizlearen filial nagusia. Jukosen zerga zorra kitatzeko, filialaren akzioen %76,9 salduko ditu, 8.650 milioi dolarreko baliotik hasita. Pilatutako zorra, ordea, handitu egin du, iaz 6.000 milioi dolarreko zergak ordaindu ez izana egotzi berri baitio Errusiako Zerga Ministerioak.

Jukosen azpimendeko enpresa nagusiak ekoizpen osoaren %62 bideratzen du. Hori dela eta, benetako balioaren azpitik saltzea egotzi diote analistek Errusiako Gobernuari. JP Morgan inbertsio bankuak 16.000 eta 19.000 milio dolar bitarteko balioa eman dio. Andrei Ilarianov Kremlineko Ekonomia aholkulariak ere onartu du prezio «zuzenak» ez lukeela 17.000 milioi dolarretik azpikoa izan behar.«Kontu politikoak kitatzeko Gobernuak antolatutako lapurreta da», salatu du Steven Theede konpainiako zuzendari nagusiak prezioaren berri izan bezain laster. «Zerga guztiak egokiro ordaindu ditugula sinesten dugu oraindik ere», azpimarratu du Aleksandr Xadrin Jukosen bozeramaileak.

Zerga zorra, gorantz

Hori gutxi ez eta, Errusiako Gobernuak Jukosi egotzi dio iaz behar baino 6.000 milioi dolar gutxiagoko zergak ordaindu izana. Joan den asteartean ere 6.700 milioi eurotan igo zuen zerga zorraren kopurua eta, jada, 24.300 milioi dolarrekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.