Abenduaren 31n itxiko dute Kemen, eta 116 langile geratuko dira lanik gabe

Langile batzordeak eta zuzendaritzak 90 langile berehala kaleratzeko espedientea adostu dute

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Abenduaren 31n etengo du jarduera Gasteizko Kemen enpresak.Langileen kontratuak eteteko espedienteari buruzko akordioa lortu dute langile batzordeak eta zuzendaritzak. Guztira 116 pertsona geratuko dira kalean, horietatik 90 berehala. Gainerakoek urte amaierara bitartean jarraituko dute, eskaerak amaitu ahal izateko.

Enpresak jakitera eman duenez,bideragarritasun arazoek eragin dute itxiera. «Merkatuaren galera sendo eta etengabekoa izan dugu, bai barne merkatuan, bai Europan». 2008ko datuekin konparatuta, %47 jaitsi ziren salmentak iaz, eta 2007ko emaitzekin konparatuta, %55. «Beherakada horren eraginez, enpresaren diru sarrerak eta finantza baliabideak nabarmen murriztu ziren», esan du Kemeneko zuzendaritzak. Maiatzaren 13an jo zuen Kemenek hartzekodunen konkurtsora.

Deslokalizatzea xede

Kalteak jasango dituzten pertsona guztientzat irtenbiderik egokiena aurkitzen saiatu direla adierazi du enpresak. «Alde guztiok egin dugu esfortzua itxiera prozesu hau modu adostuan amaitzeko».

48 urtean izan du lantegia Kemenek Gasteizen. Gaur egun Ipar Amerikako Haworth taldearena da. Langile batzordeak ere espedientea sinatu arren, azken hilabeteetan hainbat protesta egin dituzte itxiera salatzeko. Enpresak deslokalizatzeko asmoa duela uste dute langileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.