Hilabetez bakea eman ondoren, berriro da bueltan arrisku saria. Urte berriak ez du baretu inbertitzaileek eurogunearen finantza osasunari buruz duten kezka, eta interes handiagoak eskatzen ari dira haren zorra erostearen truke. Mesfidantza hori burtsetan ere antzeman da —denek egin dute behera, Espainiakoak eta Italiakoak buru dituztela— eta euroa azken hamasei hilabeteotako mailarik txikienera bultzatu du. 1,27 dolarrean salerosi da.
Mariano Raxoik merkatuak baretzeko hartutako neurriek ez dute eragin handirik izan. Espainiaren arrisku saria 50 puntutik gora igo da urtea hasi zenetik, eta 377 puntuan itxi zuen atzo. Igoera horretan zeresana izan du Luis de Guindos Espainiako ministroak iragarri izanak bere menpeko bankuek 50.000 milioi euro gehiago baztertu beharko dituztela etxegintzan izan ditzaketen galerak estaltzeko. Espainiako Gobernuak Valentziako Generalitatea diruz lagundu behar izanak ere kezka handitu du erkidegoen finantzei buruz. Gauzak horrela, bankuek oso jaitsiera handiak izan zituzten atzo burtsen: %5,72 Banco Sabadellek, %5,55 Banco Popularrek edo %5,03 BBVAk.
Finantza sektorea izan da zigortuena Italian ere, Unicrediten erruz. Herrialde horretako banku handienak nahi baino %43 merkeago saldu behar izan du bere kapital berria, eta orduz gero pott egin du burtsan: %14 galdu zuen herenegun eta beste %17 atzo. Haren atzetik erori dira Intesa San Paolo (-%7) italiarra ez ezik, Deutsche Bank (-%5) edo Societe Generale (-%5,4) ere.
Italiaren arrisku sariak goranzko bideari eusten dio eta berriro %7tik gorako interesak ematen ditu hamar urterako bonuak.Frantziarena ere apur bat igo da, nahiz eta atzo lortu zuen erraz samar 8.000 milioi euroko zorra saltzea, interes igoera txikiarekin.
Abenduko 'su-etenaren' ondoren, arrisku sariak gora egiten ari dira
Bankuei buruzko berri txarrek galera handiak ekarri dizkiete burtsei, eta euroaren erorketa bizkortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu