Hego Euskal Herriko langabezia tasak gora egin du 2003ko abendutik 2004ko urtarrilera bitartean; %7,3tik %7,73ra egin du salto, hau da, %0,43ko igoera izan du. Lurraldez lurralde begiratuz gero ere igo egin dela antzeman daiteke, INEMek jakinarazi dituen arabera betiere.
5.245 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian abendutik urtarrilera, hau da, %5,68 gehiago. Dagoeneko, 97.592 lagun daude INEMen izena emanda. Iazko eta aurtengo urtarrileko datuak alderatuz gero, 1.491 langabe gutxiago daude aurten, hots, %1,5 gutxiago. Datuak lurraldez lurraldez aztertuz, Araban 724 langabe gehiago zeuden urtarrilean, %7,8ko igoerarekin, eta guztira 9.986 dira. Arabako langabezia tasa %6,61ekoa da. Gipuzkoari so eginez gero, 1.131 langabe gehiago daude (%5,23 gehiago). Langabe kopurua 22.744 da lurralde horretan, eta langabezia tasa %6,81ra heldu da.Bizkaian ere gehitu egin diralangabeak. Urtarrilean aurreko hilean baino 2.139 pertsona gehiago zeuden INEMen (%4,87 gehiago). Gehikuntza horrekin 46.056 dira egungo langabeak. Bizkaian, %8,88ko tasa ezartzen du datu horrek. Nafarroan ere gora egin du, nabarmen, langabeziak; %7,1, hain zuzen ere. Abendutik urtarrilera 1.251 pertsonak galdu dute lana. Orotara, 18.806 dira langabe nafarrak, eta horrenbestez, %7,29koa da langabezia tasa. Emakumezkoen eta gizonezkoen langabezia datuek emakumezkoak gehiago direla adierazten dute; 57.215 (%58,62). Lanik gabe dauden gizonezkoak askoz gutxiago dira: 40.377 (%41,37).Kontratuei dagokienez, urtarrilean 84.224 kontratu berri egin dira Hego Euskal Herrian. Kontratu finkoak 6.998 izan dira (%8,3), eta aldi baterakoak, 77.226 ( %91,7).
Erreakzioak
Euskadiko CCOOk adierazi duenez, langabeziako datuak «oso txarrak» dira, eta enpresen eredua «behin-behinekotasunean» oinarritzea kritikatu du. Langabeziaren hazkundea «oso berri txarra» dela adierazi du sindikatuak.
CCOOren ustez, langabezia tasaren urtarrileko gehikuntza, azkeneko sei hilabeteko joera orokorraren baieztapena da. «Datu txarra da, eta ez dator bat Administrazioak, bai euskal administrazioak eta bai Madrilgo administrazioak, ematen ari diren balantzeekin eta itxarobideekin», adierazi zuen CCOOk. Eduardo Zaplanak, Espainiako Lan ministro eta Gobernuaren bozeramaileak langabeziaren datuak «oso onak» direla azpimarratu zuen. INEMen 50.481 pertsona gehiagok izena eman dutela adierazi zuen, eta langabezi kopurua 1.761.968 lagunek osatzen dutela aipatu, populazio aktiboaren %9,2. «Urtebete baino bi hamarren gutxiago», esan zuen. Gizarte Segurantzan izena emana dutenak ere gehiago direla jakinarazi zuen.
Abendutik urtarrilera 5.245 langabe gehiago Hegoaldean
Langabezia tasa %7,3tik %7,73ra igo da; kontratu berrien %91 aldi baterakoak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu