PSOE eta PP bakarrik geratu dira. UPNren bi diputatuen babesa baino ez dute Konstituzioa presaka aldatu eta administrazio guztiak defizita eta zorra mugatzera behartzeko. Botoetan gehiengo nabarmena lortu dute, baina siglatan ez. Bizkarra eman diote ezkerreko alderdiek, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako abertzaleek eta sindikatuek. Alderdi gehienek planto egin zuten atzo Espainiako Kongresuko bozketan, eta parte hartzeari uko egin zioten.
Beraz —Senatuan ez da sorpresarik espero—, administrazio guztiek legez mugatuta izango dituzte defizit eta zor publikoak. Praktikan, zero defizitak izan beharko du araua 2020tik aurrera. Baita Hego Euskal Herriko administrazioentzat ere. Eta ezarritako mugak gainditu nahi izanez gero, Espainiako Kongresuaren baimena beharko dute.
316 boto alde, bost kontra eta, teknikoki, abstentziorik ez. 27 parlamentarik uko egin zioten atzoko bozketan parte hartzeari: EAJko seiak eta CiUko hamarrak aretoan geratu ziren; NaBaiko, ERCko, BNGko eta ICVkoak, ordea, aretotik atera ziren, bozketan ez parte hartzeko eta erreformaren kontra planto egiteko. IUko Gaspar Llamazares diputatuak zenbait zuzenketaren kontra bozkatu zuen eta, erreforma bozkatu behar zenean, kanpora ateratzen saiatu zen, baina ordurako ateak itxita zeuden. Hiru diputatu sozialista ez ziren Kongresura joan, erreformaren kontra daudelako, baina ez zutelako alderdiak agindutakoaren kontra bozkatu nahi.
Proposamenaren alde egin zuten PSOEk eta PPk. Kontra UPDk, CCk eta bi diputatu sozialistak, Antonio Gutierrezek nahita eta beste batek okertuta.
PSOEk eta PPk gutxienez CiUren abstentzioa nahi zuten. Azken unera arte negoziatzen aritu ziren, baita atsedenaldietan ere, baina ez zuten lortu hura abstenitzea. CiUk babestu egin nahi zuen autonomia erkidegoen eskumena defizitari buruzko erabakiak hartzeko.
Erreforma Senatura pasa da eta datorren asteartean eztabaidatuko dute han. Senatuan onartu ostean, Kongresura bueltatuko da. Kongresuan behin betiko onartuta, diputatuek hamabost eguneko epea izango dute herri galdeketa eskatu ahal izateko. Horretarako diputatuen %10en babesa beharko dute, hau da, 35 diputaturena.
Gero, lege organikoa
Aurrena defizita eta zorra Konstituzioaren bidez mugatzea erabaki dute, eta gero mugak lege organiko baten bitartez zehaztuko dituzte. PSOEk eta PPk jada hitzartu dituzte muga zehatzak: administrazio guztien egiturazko defizitak ezingo du pasa barne produktu gordinaren (BPG) %0,4tik. Espainiako Gobernuaren muga %0,26 izango da, eta erkidegoena, %0,14. Tokiko erakundeek ezin izango dute defizita eduki, eta aurrekontu orekari eustera derrigortzen ditu akordioak. Alegia, ezingo dute gastatu urtean izandako diru sarrerak baino gehiago.
Erakunde publikoek epe bat izango dituzte gaur egungo defizit eta zor publikoak konpontzeko: mugak 2020. urtean jarriko dira indarrean. Hala ere,zabalik utzi dute hitzartutako ehunekoak 2015. eta 2018. urteetan aztertzeko aukera.
Jose Luis Rodriguez Espainiako Gobernuko presidenteak Konstituzioa aldatzea proposatu eta bi aste eskasera onartu dute Kongresuan. Iraila amaitu baino lehen bukatu nahi dute erreforma prozesua, orduan desegingo baitituzte Kongresua eta Senatua, azaroaren 20ko hauteskundeak direla eta. 1978an Konstituzioa onartu zutenetik bigarren aldaketa izan da.
PSOEko eta Espainiako Gobernuko agintariek zuzenean onartu dute merkatuei begira egindako erreforma dela, Espainiak defizita eta zorra kontrolpean izango dituela erakusteko, eta zor duen dirua itzuliko duela ziurtatzeko. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Europako Banku Zentralak (EBZ) eskatutako neurria da. Biek txalotu dute Espainiako erreforma.
Jose Blanco Espainiako Gobernuko bozeramaileak atzo bertan esan zuen helburua aurtengo abuztuan finantza merkatuetan lehertutako arriskuetatik babestea eta arrisku saria apaltzea dela. «Bestela», Blancoren iritziz, «arriskuak nabarmenak bezain larriak dira». Erreforma onartzeak, ordea, atzo behintzat, ez zituen zor merkatuak lasaitu: Espainiaren zor bonuen arrisku sariak oinarrizko 300 puntuak gainditu zituen.
Francisco Jorquera BNGko diputatuak PSOEri eta PPri leporatu zien politikaren burujabetzari uko egin diotela, «demokrazia espekulatzaileen xantaietara azpiratuz».
Mobilizazioak
Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaileak, ildo beretik, uste du herriaren burujabetza merkatuen eskuetan uzten duela eta «ongizate estatua lurperatzen duela». Herritarrei erreformaren kontrako mobilizazioetan parte hartzeko eskatu die.
CCOOk, UGTk eta LSB-USOk, hain zuzen, kontzentrazioa antolatu dute asteartean Bilbon, erreformaren kontra. Elkarretaratzea Moyua plazan izango da, 19:30ean. Hiru sindikatuetako arduradunen iritziz, defizita Konstituzioaren bidez mugatzeak gobernuei «eragotzi» egingo die ekonomia atzeraldian ez sartzeko neurriak hartzea. Horrez gain, ongizate estatuarentzat «mehatxu etengabea» dela salatu zuten.
Zorraren krisia. Espainiako Konstituzioaren aldaketa
Abertzaleek eta ezkerrak planto egin diote erreformari
EAJk, CiUk, NaBaik, ERCk, BNGk eta IU-ICVk ez dute parte hartu Konstituzioa aldatzeko eta defizita mugatzeko bozketanPSOEk eta PPk UPNren bi diputatuen babesa bakarrik lortu dute aldaketa lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu