ABRAko upategiek A ikurrarekin bereiziko dute Arabako ardoa

Upategi txikiek marka bat jarriko dute botiletan Errioxatik bereizi eta Euskal Herriko kontsumitzaileei argi adierazteko ardo hori Arabakoa dela. «Denontzako aterki» izan nahi du egitasmoak, eta upategi gehiago batzea nahi dute.

ABRAren ikur berria aurkeztu dute gaur Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
ABRAren ikur berria aurkeztu dute gaur Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko irailaren 26a
16:10
Entzun

Duela hamabost egun Arabako upategi txikiek Guardian (Araba) eginiko agerraldian iragarri zuten Errioxako upategietatik bereizteko beste urrats bat egingo zutela, sektoreak bizi duen krisi larriari aterabidea emateko. Gaur jakinarazi dute «bide berri» hori zertan gauzatuko den: aurrerantzean, A hizkia letra larriz idatzia duen ikur batekin bereiziko dituzte Arabako ardoak. Bereizgarri horrekin, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkartean biltzen diren upategiek begi bistan utzi nahi dute Arabako ardoa «tradizio, kultura eta kalitate handikoa» dela, eta kontsumitzaileei argi adierazi nahi diete erosiko duten botila ardo hori ez dela Errioxakoa, Arabakoa baizik: «%100 ardoa, eta %100 arabarra».

Ikusmin handia piztu du ABRAk Gasteizen eginiko agerraldiak. Hor aurkeztu dute, aurreneko aldiz, ardoarentzat sortu duten marka berria. Bertako ardoaren «identitatea eta kalitatea» zaintzeko modua emango die ikurrak, Itxaso Compañon ABRAko presidenteak azaldu duenez. Errioxako ardoetatik bereizteko kanpaina bi fasetan egingo dute: hasiera batean, nahi duten upategiek marka berria duen itsasgarri bat jarriko dute euren botiletan, eta, gero, hurrengo uzta merkaturatzeko orduan, botilen etiketan bertan agertuko da ikurra.

Upategi bakoitzak erabakiko du zein ardotan jarri etiketa, baina ez du zertan guztietan izan. Izan ere, ABRAk Euskal Herriko kontsumitzaileei begira ondu du kanpaina, eta oraingoz ez du kanpoko merkatuetan zabaltzeko asmorik. Bilbon, Donostian eta Gasteizen hasiko dira ikur berria duten botilak merkaturatzen, asmoa baita Euskal Herriko kontsumitzaileak Arabako ardoak dituen ezaugarrien inguruan «hezten» joatea. Bidea «apurka-apurka» egin nahi dute, Compañonen esanetan.

«Arabako ardoa tradizio, kultura eta kalitate handikoa da, eta kontsumitzaileei argi adierazi nahi diegu erosiko duten botila ardo hori %100 ardoa, eta %100 arabarra dela»

ITXASO COMPAÑONABRAko presidentea

«Denontzako aterki» bat izan nahi du ikur bereizgarriak, ABRAko presidentearen arabera. Ez diote inori atea itxi nahi, eta kabida izango dute Errioxa jatorri izenaren barne zein kanpo dauden upategiek.

Oraingoz, ABRAren barruan dauden 70 upategi txiki inguruk babestu dute ekinbidea, baina askoz gehiago izatea nahi dute. Compañonek sektorearen batasunerako deia egin du, eta bazkide eta upategi berriak nahi dituzte proiektuaren barruan.

Ikur hutsa baino gehiago

Ikur berrirako hautatu duten hizkiaren esanahia esplikatu dute Nagore Etxebarriarteun eta Iñigo Medrano ABRAko kideek. «Lehen begiratuan sinplea dirudien arren, askoz gehiago adierazten duen hizkia da». Izan ere, ikur hutsa baino gehiago dela uste dute, hizki bakar batek biltzen duelako, haien esanetan, Arabako ardoa berezi egiten duten hainbat elementu: hala nola Arabari egiten dio erreferentzia, hots, «paregabeko ardoen jatorriari»; lurraldean ekoizten den eta «upategi txikien arima» den ardoarekin zerikusia du; eta ABRA elkatearen lehen hizkia ere bada, eta, finean, «eskualdeko mahastizain guztiak batzen dituen ahalegin kolektiboaren» ikurra ere bada.

Euskaraz ez ezik, gaztelaniaz ere ardogintzarekin lotutako hamaika hitzekin zerikusia du hizkiak: añada (uzta), aroma (lurrina), afrutado (fruta gustukoa), acidez (garraztasuna), amargor (mingostasuna)...

«A ikurra ABRA elkartearen lehen hizkia da, eskualdeko mahastizain guztiak batzen dituen ahalegin kolektiboaren ikurra»

NAGORE ETXEBARRIARTEUNABRAko kidea

Ikurraren berezitasunak estuki lotua daude Arabako ardogintzaren eta mahastizaintzaren sektoreak bizi duen egoerarekin. Elkarteak kezkaz ikusten du nola dagoen sektorea: azken bost urteetan 96 upategi itxi dituzte Arabako Errioxan, mahatsaren prezioa amildu egin da— 2017an 1,19 euro ordaindu zen mahats kiloa, eta 2022an, 0,71 euro– eta ekoizpen kostuak garestitu egin dira.

Horregatik, sektorea «sendotzeko» eta upategi txikiek «indarrak batzeko» pauso gisa ikusten du Errioxako ardoetatik bereizteko ikurra. «Batasunari eta indarrari esker lortuko dugu ardo gehiago eta hobea saltzea». ABRAko presidenteak azaldu duenez, tokiko ardoari irauteko modua emango dion «fronte batua» lortu nahi dute ekoizle txikien eta erakundeen arteko lankidetzaren bitartez.

Proiektu berri bat abiatzeak ez du esan nahi ABRAk Arabako Mahastiak sor-markaren bidea alboratuko duenik. Are, ABRAko presidenteak argitu du bi egitasmoek zerikusirik ez dutela, eta bakoitzak bere bidea izango duela. Gainera, ez dute espero ikur berriak talka egitea Errioxa sor-markarekin, beste upategi batzuek antzeko bideak jorratu izan dituztelako, beste ikur mota batzuekin, eta «sekula ez delako arazorik egon».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.