Ekainean eginiko mobilizazio ugarietan, gehiengo sindikalak behin eta berriro eskatu zien euskal alderdiei lan erreformaren aurka bozkatzeko; hala egiten ez zutenek langileen kontrako erasoan parte hartuko zuten. Sindikatuen eskaerei entzungor eginez, EAJk, PSOErekin elkarlanean aritu, eta, horren ondorioz, erreformaren edukiak «are gehiago gogortu» dituela salatu zuen atzo Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak: «Langileak saldu dituzte».
Horren harira, jeltzaleek negoziazio kolektiboaren erreformaelkarlanerako baldintza jarri dutela gogorarazi du LABek, «euskal langileentzat ekar ditzakeen ondorio larrien jakitun». Sindikatuak gaitzetsi du EAJren laguntzarekin iraunaraziko dutela Madrilen erabakiak hartu eta Euskal Herrian inposatzeko eskema.
ELAko buruzagiak «langileeneskubideen aurkako sarraskia» deritzo ostegunean onartutako erreformari, eta «trantsizio garaitik egin den gogorrena» dela ziurtatu du. Alderdi politikoei, bestetik, botere ekonomikoen lobby izatea leporatu die.
Negoziazio kolektiboaren inguruan kezka handia dutela azaldu du ELAko buruzagiak: «Madrilen zentralizatu nahi dute, eta lurraldeetako itunak desagerrarazi; eta mundu guztiak onartzen du estatu hitzarmenak zabor hutsa direla». CCOOk eta UGTk helburu horrekin bat datozela uste du, «ordezkaritzaren monopolioa lortzeko» ondo datorkielako.
Egoera hori ikusirik, ondorio positibo bakarra dagoela diote ELAkoek, sindikalgintza indartuko dela: «Ez dugu hau guztia gelditzeko indarrik; baina bai, ordea, erresistentziarako guneak sortzeko gaitasuna».
Hasierako dekretua nahiago
Sindikatuek bezala, EAEko patronalak Espainiako Kongresutik atetaratako testua kritikatu du, baina oso bestelako argudioak erabilita. Confebasken arabera, «nabarmen okertu» dute Zapateroren gobernuak hasiera batean onartutako dekretua: «Ez baitu enpresen lehiakortasuna bultzatuko, ezta lan merkatuaren dualizazioa desagerraraziko ere».
Malgutasunari dagokionez, aurrerapausorik ez duela ikusi deitoratu du patronalak, «1994ko erreformatik dugun zurruntasunari eusten dio». Antzera iritzi dio kaleratze objektiboaren aldaketari, «epaileen esku jartzen da oraindik ere enpresa bideragarria den edo ez erabakitzea». Gabezia horiek Espainiako Senatuko tramitean zuzentzea espero du Confebaskek.
Kritikak jaso bitartean, lan erreforma babesteko gai da oraindik Zapatero presidentea. Lege berriak kaleratzeak gutxituko dituela berretsi du, eta enpleguaren egonkortasuna lortzeko eraginkorra deritzo. Kaleratze objektiboa zehazteak, bestetik, segurtasun juridikoa ezarri eta, ondorioz, kontratazioa bultzatuko duela sinetsita dago: «Ez da erraza inoren gustukoak ez diren neurriak onartzea».
Zapateroren iragarpenak
426 euroko laguntza. Abuztuaren 20an, Espainiako Ministroen Kontseiluak langabezia saria agortu duten langabeentzako 426 euroko laguntza luzatzea onartuko du. Gastu murrizketari eusteko asmoa duen arren, «kohesio sozialarekiko konpromisoa» ere baduela ziurtatu du Jose Luis Rodriguez Zapaterok.Enplegu zerbitzu publikoa. Langabeziaren datuek erakusten dute Espaniako enplegu zerbitzu publikoak -INEM ohiak- eraginkortasunik ez duela. Hori dela eta, enplegu politika aktiboen «errefoma sakona» iragarri du presidenteak. Iragarri duenez, lan merkatuaren erreforma Senatuan onartu ostean ekin nahio dio enplegu zerbitzuak eraberritzeari.
Aurrekontuak. 2011. urterako aurrekontuak Espainiako Kongresura eramango ditu gobernuak udatik bueltan. Izan ere, Zapaterok ez du aurtengoak luzatzeko asmorik, eta berriak onartzeko sostengua lortzeko «baldintzak» ikusten ditu. Defizita kontrolatzeko planak betetzen ari diren arren, sail bakoitzaren aurrekontua, batez beste, %15 jaitsiko dutela berretsi du.