Apirilaz geroztik beheranzko joeran zegoen langabezia Hego Euskal Herrian, baina joera hori eten dute abuztuko datuek. Espainiako Enplegu Ministerioak jakinarazitako datuen arabera, uztail amaieran baino 1.250 behargin gehiago zeuden lanik gabe abuztu amaieran.
Soilik Nafarroan egin du behera langabeziak, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta —545 langile gutxiago lanik gabe—, igo egin baita Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan. Hain zuzen, Gipuzkoan izan da langabe kopurua gehien hazi den herrialdea: 880 lagun.
Nafarroan, sektore guztietan egin du behera langabe kopuruak. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, berriz, joera bera izan dute sektoreka: langabezia tasa jaitsi egin da nekazaritzan, eta igo industrian, eraikuntzan eta zerbitzuetan.
Langabezia datuak:
Araba: 27.752
Uztailarekiko: +464 (+%1,70). Iazko abuztuarekiko: -130 (-%0,47).
Bizkaia: 94.458
Uztailarekiko: +451 (+%0,48). Iazko abuztuarekiko: -2.691 (-%2,77).
Gipuzkoa: 46.978
Uztailarekiko: +880 (+%1,91). Iazko abuztuarekiko: -1.098 (-%2,28).
Nafarroa: 46.202
Uztailarekiko: -545 (-%1,17). Iazko abuztuarekiko: -4.523 (-%8,92).
Hego Euskal Herria: 215.390
Uztailarekiko: +1.250. Iazko abuztuarekiko: -8.442.
Gizarte Segurantza, behera
Gizarte Segurantzan izena emandakoen kopurua, berriz, jaitsi egin da abuztuan Hego Euskal Herrian. Nafarroan uztail amaieran baino 196 langile gehiago zeuden izena emanda, baina Hegoalde osoan, 7.338 lagun gutxiago zeuden Gizarte Segurantzan abuztu amaieran.