Abuztuan ere gora egin du langabeziak, baina aurreko urteotan baino gutxiago

INEMek 157.709 langabe zenbatu ditu Hego Euskal Herrian, duela urtebete baino %48,3 gehiago

Iker Aranburu.
Donostia
2009ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Abuztua hilabete txarra izan ohi da lan merkatuarentzat, eta aurtengoa ez da, noski, salbuespena izan. Hilabete horretan, batez beste, 157.709 lagunek zuten izena emanda INEMek Euskal Herrian dituen bulegoetan, uztailean baino 3.275 gehiagok (%2,12). Datua ona ez dela onartuta ere, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du aurreko urteotan are gehiago hazi dela langabezia hilabete horretan. Hala gertatu da Hego Euskal Herri osoan ere, azken lau urteotanbederen. Iaz, esaterako, %3,50 hazi zen.

Hori bai, aurreko urte horietan ez bezala, azken 12 hilabeteotan langabeziak sekulako gorakada izan du: iazko abuztuan baino 51.000 lagun gehiago daude orain lanik gabe, hau da, %48,3 gehiago. Hau da, langabezia ez da abuztuan hainbeste hazi dagoeneko oso handia delako. Langabezia tasa gorantz doa: duela urtebete %7,74koa zen, eta %11,60koa da orain. Sexu aldetik ez dago garai bateko alderik: 80.000 emakume daude lanik gabe, eta 77.000 gizon.

Gipuzkoak du langabezia tasa txikiena -%10,44-, eta Bizkaiak handiena -%12,15-. Araban handitu da gehien azken urtean (%56,53). Nafarroan %52,88 handitu da, nahiz eta joan den abuztuan zertxobait murriztu egin den, industriari esker batik bat. Nafarroako Gobernuak «poza» adierazi du datu horregatik, baina ohartarazi du udazkena okerragoa izango dela enplegu aldetik.

«Itxaropentsu»

Jaurlaritzak ere irakurketa gazi-gozoa egin du. «Langabeziaren eta Gizarte Segurantzaren afiliazioaren datuek ez dute azaltzen Euskal Autonomia Erkidegoa estutasun ekonomikotik ateratzen ari dela», aitortu arren, «itxaropentsu» azaldu da, «nazioarteko adierazleek bai ekonomia egoerak eta merkatu finantzarioek adierazten dutelako susperraldia egon daitekeela datorren urteko udaberrirako». Antzera aritu da Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroa ere: «Datu txarra da, baina iazkoa baino hobea. Gutxika-gutxika hobetzen ari gara».

Baikortasun arrastorik ez dago sindikatuen balorazioan. ELAri datu «ikaragarriak» iruditu zaizkio, eta Europako Batasunekoekin alderatu ditu: han, uztailera arte, urtebetean langabezia %30,6 handitu da. «Datuok egungo politiken porrotaren adierazgarriak dira. Patxi Lopezen gobernuak enpleguaren egoerari aurre egiteko duen gaitasun ezaren ispilu dira, eta mahai sozialean hartu diren neurrien ezintasuna nabarmentzen dute».

Loli Garcia Euskadiko CCOOko enplegu arduradunak ziurtatu du lehentasuna langabeei baliabideak bermatzea dela: «Inork ezin du laguntzarik gabe geratu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.