Zergak

Abuztura arte, iaz baino %2,3 gehiago bildu dute foru ogasunek

Urte amaierako %7ko hazkunde iragarpenetik oso urrun daude.

Iker Aranburu.
2016ko irailaren 20a
13:19
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek 7.996 milioi bildu dituzte zergetan aurtengo lehen zortzi hilabeteotan. Iaz baino 181 milioi gehiago dira (%2,3).

Urteak aurrera egin ahala bilketa hobetzen ari bada ere —%2ko igoera zegoen uztailean—, oso zail edo ezinezko dute urte amaierarako jarri zuten %7ko helburura iristea. Kopuru zehatzetan, iaz baino 886 milioi gehiago jaso nahi zituzten, baina oraingo hazkunde erritmoarekin 700 milioi faltako zaizkie.

Helburua betetzetik urrunen dagoena Bizkaia da. Gaur jakinarazitako datuen arabera, urteko lehenengo zortzi hilabeteetan zerga itunduen bidez 4.184,9 milioi euro bildu ditu Bizkaiko ogasunak. Iaz baino %1,6 gehiago da hori. Uztaileko datua baino hobea da, orduan %1,1 ari baitzen hazten.

Zuzeneko zergen bilketa  % 0,4 txikitu da aurreko ekitaldikoarekin alderatuta. Hobera egiten ari da PFEZ errenta zerga (%5,3), baina sozietate zergaren bilketaren amiltzeak (-%24,8) kalte handia egin dio atal horri. Bizkaiko Aldundiak hiru arrazoi eman ditu jaitsiera hori azaltzeko: zerga horren kuota diferentzialaren murrizketa, 2013an onartutako balantzeen erregularizazioaren ondorioak, eta estatuko araudiaren peko sozietateen kontura egindako lehen ordainketaren txikitzea.

Bilakaera hobea izaten ari dira zeharkako zergak, %1 handitu baitira. BEZaren bidez iazkoaren pare lortu du Ogasunak, baina erregaiaren, tabakoaren, alkoholaren eta beste produktu batzuen gaineko zerga bereziak igo egin dira (%6,4).

Azkenik, Espainiako Estatuarekin egindako doikuntzen bidez 25 milioi gehiago patrikaratu ditu Bizkaiak.

Hobeto beste lurraldeetan

Bizkaiaren bilketa datuak hobetu dituzte beste bi lurraldeek. Arabako Aldundiak jakinarazi du iaz baino %2,96 gehiago bildu duela aurtengo lehen zortzi hilabeteetan; Gipuzkoan, berriz, %4,1 egin du gora

Urteak aurrera egin ahala bilketa handitzen ari bada ere, oso zaila izango da urte amaierarako espero zen igoerara heltzea. Uztailera arte bilketa %2 hazi zen, eta hortik gora izango da abuztuan, baina %7tik oso urruti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.