Altzairuaren krisia

ACB berriro irekitzeko plana motz geratzen dela uste dute langileek

Arcelor Mittalek proposatutakoarekin hainbat langile sobran izango diren beldur dira

ACBren itxieraren aurkako manifestazioa, Sestaon. ANDONI LBAKI / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2016ko maiatzaren 6a
16:01
Entzun

Arcelor Mittalek datorren ostegunean azalduko die langileei zehatz mehatz zer plan duen Sestaoko ACB altzairutegia udan zabaltzeko. Baina atzo izandako bileran proposatutakoak "zalantza handiak" eragin dizkie, enpresa batzordeko iturriek Efe agentziari esandakoaren arabera.

Izan ere, multinazionalak uste du berriro fabrika irekitzeko modua badagoela, baina hilean 10.000 eta 12.000 tona altzairu soilik ekoizteko. Gainera, asteburuan egingo lukete lan, orduan merkeagoa delako argindarra. Joan den otsailean altzairutegia ixteko arrazoien artean dago argindarraren prezio handia. Bestea, Txinako altzairu merkearen dumping-ak (kostu azpiko salmenta),  bere horretan jarraitzen du.

Asmo horiek oso urrun daude enpresa batzordeak lantegia berriro irekitzeko egin zituen proposamenetatik. Itxi zutenean hilean 60.000-70.000 tona artea ari zen ekoizten, bere gaitasunetik behera. Aurrerantzean 10.000-12.000 tona ekoizteko "ez dute lan talde osoa behar", azaldu dute langileen ordezkariek. Gaur egun 300 langile inguru ditu Sestaoko lantegiak. Otsailaz geroztik enplegu erregulazioan daude. 

Tapia, zuhurtzia eske

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak esan du "aste kritikoak" datozela Arcelor Mittalen Sestaoko eta Zumarragan fabrikentzat. "Espektatiba faltsuak" ez sortzeko eskatu du, Jon Azkue PSE-EEko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez. Hurrengo egunotan Tapia bildu egingo da altzairu konpainiako arduradunekin, Zumarragako lantegia ez ixteko Jaurlaritzak landu duen bideragarritasun planari buruz hitz egiteko. 

Zumarragako labea apirilean itzali zuen Arcelorrek, eta orain arte uko egin dio berriro irekitzeko langileek eta erakundeek egin dizkioten deiei. Plantaren geroari buruz langileen ordezkariarekin egindako negoziazio saioa itxi zuen enpresak asteazkenean, erabakia jada hartuta zegoelako. Hori bai, prest dago Asturiasera joango diren langileen lan baldintzei buruz edo enpresa utziko dutenen kalte-ordainei buruz negoziatzeko. Zumarragako langileek batzar batera deituta daude gaur, enpresaren jarreraren aurrean zer egin erabakitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.