Lan gatazkak

ACBko langileen plana baztertu du Arcelorrek

Multinazionalak uste du berea dela altzairutegia berriro irekitzeko plan bideragarri bakarra.

ACBko langileen protesta, Sestaon, artxiboko argazki batean. ANDONI LUBAKI / ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2016ko ekainaren 6a
08:31
Entzun

Joan den astean aurkeztu zioten ACBko langileek beren plan alternatiboa enpresari. Orduko horretan ohartarazi zuten enpresako iturriek ez ziotela aukera handirik ikusten planari, eta Sestaoko altzairutegia berriro zabaltzeko egitasmo bideragarri bakarra enpresak aurkeztutakoa iruditzen zitzaiela.  Mezu hori bera jaso dute gaur langileen ordezkariek. Arcelor Mittalek proposatu du uztailetik aurrera hilean bi asteburutan martxan jartzea ACBren labe elektrikoa, hilean 10.000-12.000 tona altzairu egiteko. Lan horrek 150 langile eskatzen ditu, eta ACBk 300 langiletik gora zituen joan den otsailean aldi baterako itxi zuenean.

Lan taldea erdira murriztea ekarriko lukeen planaren aurrean, beste bat prestatu zuten langileek: hilean 70.000 eta 80.000 tona ekoitzi behar direla uste dute langileek —hilean bi asteburu lan eginez 12.000 tona ekoiztea proposatu du enpresak—. Altzairu horrek merkatuan lekua izan dezan, haren kalitatea igotzea nahi dute langileek. Otsailean fabrika itxi aurretik balio erantsi handiko altzairua ekoizpen osoaren %45 zen, eta 2020rako kalitate handikoa %100era iristea defendatu dute.

Sestaoko altzairutegiaren itxieraren arrazoietako bat argindarraren kostu handia denez, tarifa elektrikoak finkatzeko oraingo sistema bertan behera geratzeko eskatu dute beharginek. Eskumena Espainiako Gobernuarena denez, hari presio egiteko eskatu dute langileek.

Negoziazioek huts egiten jarraituz gero, "muturreko" irtenbide bat plazaratu zuten: Eusko Jaurlaritzak Sestaoko altzairutegiaren eta taldeak Bizkaian eta Gipuzkoan dituen beste lantegien kontrola eskuratzea, «interes estrategiko edo sozialengatik» desjabetzeak baimentzen dituen Espainiako Konstituzioaren artikulu bat baliatuta. Behin-behinekoa izango litzateke esku hartze publikoa, inbertitzaile berri bat azaldu arte.

Enpresak bere planaren gainean negoziatzen jarraitzea eskaini die langileei, horien iritziz enpresaren asmoak "onartezinak eta umiliagarriak" diren arren.  Langileek onartuko ez balute zer egingo duen ez du zehaztu enpresak, baina mehatxutzat jo daitekeen iradokizun bat egin zuen: «Orain ezin bada ireki, itxita jarraituko du, baina logikoki noizbait erabaki bat hartu beharko da plantari buruz; ezin da denbora luzez itxita utzi».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.