Arcelor Mittalek Sestaon (Bizkaia) duen ACBko lantegitik parez pare ikusten da duela hogei urte itxi zen Bizkaiko Labe Garaien azken ondarea. Herdoilduta eta utzita dagoen labe garaia da, iragan industrial oparo baten lekuko zuzena. Sestaoko edozein bazterretatik ikusten da labe garai hori, eta atzo eguerdian ACBren zuzendaritza eta langile batzordea bildu ziren bulegotik ere, ziurrenik, ikusmira hori izango zuten. Batzarraren tentsioari gehitu zitzaion beste ezaugarri bat. Izan ere, beharginak beldur dira egun 600 pertsona ingururi lan ematen dion lantegiak labe garai hark bezala amaituko ote duen. Eta gaur-gaurkoz, itxita dagoen altzairu lantegia berriz irekitzeko egunik ez dago. Zuzendaritzari data hori eskatzera joan zen langile batzordea, baina ez zien halako zehaztapenik eman, ez dakitelako altzairu merkatuaren egoera noiz aldatuko den. Ordura arte itxita egongo da ACB, beharginek «ACB, ez itxi!» oihukatzen jarraitzen duten arren.
Hain zuzen, oihu horien artean hartu zituzten Arcelorreko langile eta kontratek zuzendaritzako kideak atzo eguerdiko bilera baino lehen. «Pankarta eta tutu hotsekin egin diegu ongietorria», azaldu du Igor Hermoso langileak. Harreraren zati bat besterik ez zen izan hori, lehen lan txanda izan beharko zuenarekin batera ACBren bulegoetan itxialdia hasi baitzuten langileek atzo goizaldean. Eta bileraren emaitza ikusita,horrela jarraituko dute epe jakinik gabe Juan Carlos Diaz langile batzordeko bozeramaileak azaldu duenez: «Presioari eusteko modu bat da, ikus dezatela hemen gaudela, eta ez daitezela gutaz ahaztu». Goizeko seietako lehen txanda horretan egon zen bera, eta langile bakoitzari dagokion lan txandaren arabera antolatuko dute itxialdia. Bart gaua 40 langile inguruk igaro dute ACBren bulegoetan.
Hilabete igaro da Sestaoko lantegia epe jakinik gabe itxiko zela jakinarazi zutenetik, eta atzokoa izan zen zuzendaritza langileekin batzartu zen estreinako aldia. Ez ziren, ordea, nahi izan zuten guztiak egon bilera horretan. Ivan Calvo azpikontraten bozeramailea zuzendaritza eta langile batzordeko kideak bilduta zeuden eraikinari begira zegoen, eta berak han egon beharko lukeela gogorarazi zuen. «Nahi ala ez, gu etxeko langileak gara, eta zuzendaritzak hartutako erabaki batzuen ondorioz gaude azpikontratatuta». Ez ziren bileran egon, langile batzordetik UGTk ez duelako inoiz ere babestu behargin azpikontratatuek negoziazioetan parte hartzeko aukera. «Ez dugu euren jarrera ulertzen, eta euren afiliatu asko ere erreta daude egoerarekin». Edozein modutan, atzoko bileran egoteko saiakera egin zuten, baina ez zieten utzi.
Langileen egoera, airean
Batzarrean egoteko aukerarik gabe, kanpoko aldean aritu ziren presio egiten azpikontratetako langileak. Tutuak, petardoak eta euren zintzurrak zituzten lagun, barruan esan ezin izan zituztenak kanpotik oihukatzeko. Tonu apalago batean azaldu zuen Calvok bilera horretatik ez zeukala inolako itxaropenik. «Hilabete ondoren etorri dira azalpenak ematera, eta horrek zer esan nahi duen badakigu: itxieraren inguruko azalpenak ematera etorri direla, eta ez egoerari irtenbide bat bilatzera». Barruan egon zen Diaz, eta berak zuzendaritzako kideen jarrera hotza nabarmendu zuen: «Zenbakiez hitz egin digute batez ere. Baina zenbakiak zein diren hamaika bider esan digute! Borondate apur bat gehiago besterik ez genuen eskatzen, eta behin-behinean urte ugari daramatzatenen egoera erregularizatzea. Euren egoeran, ezer gabe geratuko direlako».
Behin-behineko beharginen egoeraz aparte, gainerakoena ere ezbaian dago zuzendaritzak lantegia berriz noiz zabalduko duen zehazten ez duen arte. Hermosok hala azaldu du: «Bertako langileak garenok era ezegonkor batean egongo gara, baina gutxienez soldataren %90 bat jasoko dugu ordain gisa, baina azpikontratetako langileak, zer?». Horiek kalean geratuko dira egun hauetan bukatzear ari diren mantentze lanak amaitzen direnean. Calvo, esaterako, bere enpresako nagusiarekin negoziatzen ari da egoera, «baina ez dakigu zer gertatuko den, berak ere ez baitu guk jaso dugun informazioa baino gehiago eskuratu». Oraingoz, bere enpresako jabeak langile guztiei eutsiko diela ohartarazi omen die, «baina egoera honetan inoiz ez dakizu».
Ezegonkortasun horri aurre egiteko, langile batzordeak proposamen zehatz bat eraman zien atzo zuzendaritzako kideei. Gainerako lantegietan ekoizteko errentagarriak ez diren produktuak egitea. Bi hilabeteko lana bakar batera eramatea, «lantegia geldirik egon ez dadin». Neurria aztertzen ari direla erantzun diote, baina itxaropen gutxirekin begiratzen diote aukerari, jakitun daukaten bakarra dela. Calvok, ordea, ez dio gerorik ikusten aukerari eta lantegiari: «Duela lau urte berdin egin zuten: lan espediente bat aurkeztu, eta berriz beharrera itzuli ginen. Baina ostera langileen erdia bota zuten, eta lan baldintzak kaskartu». Horregatik, beldur da ACB berriz irekitzen bada egoera berean zabalduko ote den, eta parean duen labe garaiaren antza hartuko duen.
ACBtik labe garaia ikusten da
ACBko zuzendaritzak zehaztu du ez dutela lantegia berriz zabalduko «merkatuaren egoera hobetu artean».Langileek itxialdia hasi dute irtenbide bat bilatu bitartean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu