Ekonomia

Adegi: "Langile gehienek bizkarra eman diote metalgintzako grebari"

Enpresa txikietan lanuzteak "ia batere ez" duela eragin dio patronalak, eta enpresa handietan, langileen %80 lanera joan direla. CCOOren esanetan, berriz, %60ko erantzuna ari da izaten greba.

Berria.info
2013ko ekainaren 17a
17:19
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako metalgintzan protesta astea dute hau langileek. ELAk batetik eta LABek, CCOOk eta UGTk bestetik, grebara deitu dute metalgintzan gaurtik ostiralera arte. ELAk aste osoko deialdia egin du lan hitzarmena sinatua ez duten lantegietan. "Mobilizazio astea indartsu hasi da", esan du lehen balorazio gisa. Besteek, berriz, gaurko, etziko eta ostiralerako deitu dute Gipuzkoan, eta ostiralerako Araban eta Bizkaian. CCOOren esanetan, %60 eta %65 arteko erantzuna ari da izaten gaurko Gipuzkoako lanuztea. Adegiren arabera, ordea, "langileek bizkarra eman diote metalgintzako grebari". Enpresa txikietan lanuzteak "ia batere ez" duela eragin dio. Handietan, berriz, langileen %80 lanera joan direla azaldu du patronalak.

110.000 langile daude deituta hiru lurraldeetan; Gipuzkoan, 50.000. Sindikatuen esanetan, grebarekin bat egin dutenen artean daude Beasaingo CAF, Gamesa, Talleres Bost, Jaso, Glual Hidraulica, AGME, Biele, TS Fundiciones, Tesa, Polmetasa, Giroa, Sete, Mendiola, Ikor, Bosch Rexroth, Elevadores Goian, Electromontajes Gohita, Fudike, Fresmak, Caldereria Delta...

ELAren asmoa da enpresaz enpresa langileen lan baldintzak ziurtatzea. LABek, CCOOk eta UGTk, berriz, lurralde bakoitzaren lan hitzarmena nahi dute indartu. Horien iritziz, hiru lurraldeetan patronalaren immobilismoa bera da, eta erantzunak lurraldekakoa izan behar du. Grebarekin lotuta, eskualdeka protestak egingo dituzte gaur: 11:00etan dira hastekoak Tolosa eta Beasaingo manifestazioak; 11:30ean Azpeitikoa; eta eguerdian Hernani, Errenteria eta Eibarkoak.

Protesten helburua Espainiako lan erreforma saihestea eta uztailaren 7an iraungitako itunen ultraaktibitatea amaitu aurretik horiek berritzea izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.