Araban eta Bizkaian baino ibilbide motzagoa izango du Gipuzkoan metalgintzako negoziazioak. Hamaika hilabeteko etenaldiaren ondorengo lehen bileran, Adegik berretsi du gaur ez duela ezer negoziatzeko asmorik Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki arte azken lan hitzarmena (2010-2011) indarrean ote dagoen. Arabako eta Bizkaiko itunak aplikatu beharrekoak direla ebatzi dute auzitegiek.
Negoziazio mahaira hurbildu da Adegi, baina solaskideei eman dien idatzian bertan argi zioen ez duela berez ezer negoziatzeko asmorik. «Azken itunaren indarraldia judizializatua dagoenez, Adegik, zuhurtasunez, uste du ez direla baldintzak betetzen negoziaketa berri bati ekiteko». Berez, Gipuzkoako patronalak iritzi eztabaidagai dagoena ez dela iaz alboan utzitako negoziaketen jarraipena, negoziaketa berri bat baizik, eta mahaia berriro osatu behar dela ziurtatu du. Elkarrizketa ezaren errua sindikatuei egotzi die patronalak, iazko uztailean "fede onez" egindako azken eskaintza arbuiatzeagatik, eta gaia auzitegietara eramateagatik.
Sindikatuen kritikak
Sindikatuek kritikaz josi dute Adegi. «Egiaztatu dugu patronal autoritario eta erreakzionarioena dela», ziurtatu du LABek. Patronalaren jarrera «arduragabea» eta «eskandalagarria» iruditu zaio sindikatu horri. «Ondo dakien moduan arazoa ez da juridikoa, negoziatzeko borondate eza baino. Inongo epaitegik ez du erabakirik hartukoGipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren inguruan. Soilik aldeei dagokie».
LABen arabera, Adegi lan erreformak ematen dizkion abantailak baliatu nahi ditu metalgintzako langileen baldintzak «desauratzeko». Horren aurka egiteko modua enpresaz enpresako negoziaketa indartzea dela ziurtatu du ELAk. Dagoeneko Adegiren bazkide diren enpresa askotan lan erreforma indargabetu dutela esan du, eta CAF jarri du adibidetzat. «Bi urtez demagogia egiten egon ondoren», LAB, CCOO eta UGTk «pose mediatiakoak» utzi eta enpresa-hitzarmen blindatuak bultzatzen dituztela aldarrikatu du ELAk. «Langileek behartuta».
"Fede txarrez" jokatzea aurpegiratu dio CCOOk Adegiri, auzitegien zain egotea "akordioak lortzeko inolako asmorik ez izatea erakusten baitu". Sindikatu horren arabera, sektoreko langileak ez ezik, Gipuzkoako enpresa guztiak ere "bazterrean" utzi ditu patronalak. Gogorarazi duenez, lurraldeko enpresa garrantzitsu batzuk lortu dute metalgintzako azken itunean oinarritutako hitzarmen propioak.