Lau greba egun antolatu zituzten ELAk eta LABek Gipuzkoako metal sektorean. Atzo izan zen horietako azkena. Izandako jarraipenarekin «izugarri gustura» daude bi sindikatuak. Ez dute argitu greba gehiago egingo dituzten edo ez. Hala ere, mobilizazioekin jarraitzeko prest daudela azaldu dute: «Adegik ez badu benetako negoziaziorik nahi, geratzen zaigun aukera bakarra borroka egitea da».
Unai Martinezeta Alberto Cristobal ELAko eta LABeko metaleko arduradunek azaldu dutenez, langileekin batera balorazioak egiteko garaia da orain. Bi sindikatuak datorren astean elkartuko dira egoera aztertzeko. «Ezin dugu atzerapausorik eman, atzerapausoak ematen baditugu, 60 urte egingo dugulako atzera», esan du Martinezek. Langileak «indartsu» ikusi dituztela gaineratu du Cristobalek. «Argi daukate Adegik proposatzen duen lan hitzarmena ez dela onargarria».
Lau grebek %85etik gorako jarraipena izan dute, ELAk etaLABek egindako kontaketaren arabera. Adegik askoz kopuru txikiagoak eman ditu. Aste honetan egindakoek, esaterako, %15eko babesa bakarrik izan dutela dio. Greba egun guztietan, manifestazioak egin dituzte sindikatuek. Donostian izan zen atzokoa, lehen egunean -maiatzak 28- bezalaxe. Kopuru aldetik oso antzekoak izan dira biak, jendetsuak oso. Pankartarik gabe, eskuetan sindikatuetako banderak zituztela egin zuten ibilbidea.
Oraingoz ez dakite noiz izango den negoziazio mahaiko bilera. «Guk bilerak egitea nahi dugu, eta deitzen badute, joango gara. Baina biltzea baino garrantzitsuagoa da edukiak aurkeztea», adierazi du Martinezek. Orain artean, hamar aldiz elkartu dira sindikatuetako ordezkariak eta patronala, baina negoziatzen ez direla hasi ere egin diote bi aldeek.
Adegik jarrera aldatu ezean, «protestekin segitzeko prest» daude ELA eta LAB
Bukatu dira Gipuzkoako metalean antolatutako grebak; sindikatuak «oso pozik» geratu dira jasotako erantzunarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu