«Ezin genuen onartu ohiko negoziaziorik. Baldintza batzuk hitzartzeak ez du zentzurik dakizunean mahaiaren beste aldean dagoenak ez dituela beteko». Hala azaldu du Pablo Garmendia Gipuzkoako ELAko eraikuntzako arduradunak. Lan hitzarmenetan ohikoak diren eskaerak-soldata igoera eta lanorduak gutxitzea, kasu- bigarren mailan geratu dira eraikuntzako negoziazio mahaian. Enpresaburuei ituna errespetatzeko eskatzen diete sindikatuek, eta hala egiten ez dutenei isunak jartzea proposatu dute ELAk eta LABek. Adegik ez du onartu nahi eskaera, eta sektoreko langileen egoera salatzeko astero bost eguneko grebak antolatu dituzte bi sindikatuek.
Gaur izango da greba horietako aurrenekoa, eta igandera arte iraungo du. Astelehenean eta asteartean lan egingo dute, eta datorren astean berriro lanuzteak izango dira asteazkenetik igandera, mugagabea baita greba. 12.000 pertsonak egiten dute lan sektorean, eta bi sindikatuetako ordezkariek protestak oihartzun handia izango duen itxaropena dute.
«Etorkizunera begirako greba» dela azaldu du Garmendiak. «Gipuzkoako eraikuntzan langileen borrokarekin lortutako lan hitzarmen ona dugu. Halere, hitzarmen hori ez zaio inori aplikatzen, eta, egoerari galga jarri ezean, etorkizuna beltz ikusten dugu», zehaztu du. ELAko Gipuzkoako eraikuntzako arduradunaren arabera, 2008 inguruan hasi zen egoera okertzen. «Ezkutuko merkatu moduko bat sortu da. Kanpotik ekartzen dituzte langileak edo hemengoei ere behar baino gutxiago ordaintzen diete. Jendeak dirua behar du, eta, norberaren egoera kontuan hartuta, batzuk onartu egiten dituzte baldintza horiek».
Obretan egoera «lotsagarriak» aurkitu dituztela kontatu du Garmendiak. Besteak beste, orduko bi euro kobratzen dituzten langileak, txabolatan lo egiten dutenak eta Portugaldik autobusean etorri etazuzenean aldamiora igotzen direnak aipatu ditu. «Horrelako gauzak egiten dituzten enpresei isuna jartzea proposatu dugu», azaldu du. 50.000 euroko zigorra proposatu dute, bi urteko soldata gutxi gorabehera, eta diru hori langilearentzat izango litzateke.
Adegik eskaera ez duela onartzen dio Garmendiak. «Arazoari buruz hitz egiteko ere ez dago prest; gainera, puntu horrekin negoziazio mahaia blokeatzen ari garela leporatzen digu. Guk behin eta berriz esan dugu malguak garela, hutsetik 50.000 eurora badagoela tartea».
Blokeoaren arduradunak
Bestelako iritzia du enpresaburuen elkarteak. «ELAk eta LABek greba egitera bultzatu nahi dituzte eraikuntzako langileak, hurrengo hauteskunde sindikaletan irabaziak atera ahal izateko», azaldu du ohar baten bidez. Haren arabera, sindikatuek egindako eskaera ez da bideragarria. Adegik negoziatzen jarraitzeko borondatea duela, eta helburu horrekin hainbat proposamen egin dituela gaineratu du. Hitzarmena betetzen ez duten enpresei isuna jartzeko eskaera hori dela mahaia blokeatzen ari den puntu bakarra zehaztu du.
CCOOk eta UGTk ez dute bat egin ELAk eta LABek antolatutako grebarekin. «Erresistentzia kutxaren tresna erabilita afiliatuak lortu nahi dituzte hauteskunde sindikalei begira; helburua ez da sektoreko arazoak konpontzea», esan du CCOOk. UGTrentzat ere ez dago arrazoirik grebara deitzeko. «Estrategiak azkenengo greba ekartzen digu burura. 37 egun iraun zuen, eta ez zuten ezeztatu beren interesak erdietsi arte, nahiz eta akordioa sinatuta eduki gainerako sindikatuen ezkutuan».
Adegiri eraikuntzako ituna betetzeko eskatu nahi diote ELAk eta LABek grebarekin
Astean bost eguneko greba mugagabea antolatu dute bi sindikatuek; gaur izango da aurrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu