2010eko diru sarrerak zertxobait igotzeko gai izan zen iaz IK4 aliantza teknologikoa. 103 milioi euro lortu zituen. Enpresa pribatuek ikerketa, garapen eta berrikuntzaren (I+G+B) arloari emandako garrantzia nabarmendu zuen atzo Jesus Mari Iriondo presidenteak. Aitzitik, administrazio publikoek diru gutxiago inbertitu zuten. Iriondok I+G+B arloaren aldeko apustu sendoa egiteko eskatu die, lehiakortasuna bermatzeaz gain enpresen bideragarritasunari laguntzen diolako.
Bederatzi teknologia zentrok osatzen dute IK4: Azterlan, CEIT, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Tekniker eta Vicomtech. 2011ko emaitzen berri emateko egindako agerraldian, urtea gogorra izan zela azaldu zuen Iriondok. «Oso gustura gaude lortutako emaitzekin, baieztatzen dutelako ikerketa, garapena eta berrikuntza oinarrizko zutabeak direla ekonomiaren susperraldirako». Enpresa pribatuek egindako kontratazioetatik lortu du diru sarreren %60 IK4-k. Gaur egun, Europako hamar korporazio teknologiko pribatu garrantzitsuenen artean dago, eta inbertsio pribatuaren portzentajerik handiena du. «Horrek erakusten du eredu eraginkor eta eredugarria dugula».
Dena den, IK4rentzat «egoera ideala» da diru sarreren erdiak etortzea administrazio publikoetatik eta beste erdiak enpresa pribatuetatik. Hala, itxaropena du aurten gora egingo duela administrazioak I+G+B arlora bideratutako diru kopuruak, batez ere Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Batasunaren partetik. Era berean, iazko irabaziak mantentzea espero du.
Etorkizunari begira ere jarritako dago IK4. 2013-2016 urteetarako plan estrategikoa ari da prestatzen. Sei oinarriren gainean ariko da: globalizazioa, espezializazioa, berrikuntza, komunikazioa, pertsonak eta ikusmen estrategikoa. Ikerketa eremu nagusiak ere lau izatea nahi du: osasuna, energia, garraioa eta mugikortasuna eta ekoizpen aurreratua.
Gaur egun, 1.430 langile aritzen dira IK4 osatzen duten teknologia zentroetan, eta horietatik %20 doktoreak dira. Joan den urtean, 32 patenteren eskaera egin zuten, eta horietatik 23 lortu zituzten, eta dagoeneko 152 patente ditu martxan. Eskaintza teknologikoa aberastu ahal izateko, joan den urtean 21 milioi euro gastatu zituzten inbertsioetan, 2010ean baino %30 gehiago. Aurten iazko kopuruari eustea da asmoa.
Administrazioei ikerketa eta garapenaren aldeko apustu sendoa eskatu die IK4-k
103 milioi euroko diru sarrerak izan zituen iaz aliantza teknologikoak; diruaren %60 enpresetatik etorri zen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu