Sindikalgintza

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusi, %91ko babesarekin

Jose Elorrietaren lekua hartu du. Amaia Muñoa hautatu dute idazkari nagusiaren alboko. Sindikatuaren kongresu federalak aho batez onartu du datozen lau urteetarako txostena. ELAk Jaurlaritza "autoritarioa" dela salatu du, eta "aurre" egingo dio. "Parte-hartze instituzionalak porrot" egin duela dio, eta erakunde batzuetatik alde egin duela gogoratu du. Lizarra-Garaziren irizpideak aldarrikatu ditu eta ETAren bukaera eskatu du.

2008ko azaroaren 27a
19:07
Entzun
Adolfo Muñoz da gaur arratsaldetik ELAko idazkari nagusi berria. Batzorde Eragileak hura proposatu du kargu horretarako, zuzendaritza talde berria ere proposatu du, eta sindikatuaren kongresuko federaleko 736 ordezkarietatik %91k babestu dute Muñoz eta talde berria. Azken urteetan idazkari nagusiaren albokoa izan da Muñoz (Mañueta, Araba; 49 urte).

Hain justu, aldeko 634 boto jaso ditu proposamenak (%91,22), ezezko 38 (%5,46), zuriak 23 izan dira eta baliogabeak bi. Bilbon egin du atzotik ELAk XII. biltzarra, Euskalduna Jauregian.

Amaia Muñoa hautatu dute idazkari nagusiaren alboko. Diruzaina ere izango da, baita Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako arduraduna ere.

Jose Elorrietaren partez ariko da Muñoz idazkaritza nagusian; azkeneko hogei urtean egon da kargu horretan Elorrieta.

Orain arte idazkari nagusiaren albokoa izan da Muñoz, eta berak irakurri goizean hurrengo lau urteetarako txostena. Aho batez onartu dute. "Eusko Jaurlaritzaren aldaera autoritarioari aurre egitea erabaki dugu. Orain arte aurre egin diogu eta horrela jarraituko dugu", esan du.

"Parte-hartze instituzionalak porrot" egin duela dio ELAk. "Zera ikasi dugu: parte-hartzearen tresnak eta arkitektura eustea oso funtzionala dela benetako elkarrizketa batean konpromisorik nahi ez duten eragileentzat; hots, gobernuentzat eta ugazabentzat". Hori dela-eta, EAEko Lan Harremanen Kontseilutik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordetik, eta Hobetuz-etik alde egin dutela gogoratu du Muñozek. "Gehiengoaren ongizatea babestu beharko luketen instituzioak jazarpen autoritario handia ari dira bultzatzen, botere ekonomikoen mesederako. Euskal politika publikoen eskandaluari eman behar diogun erantzuna enpresetatik abiatuko da".

Europari begira ere egin du hausnarketa, "eta, testuingurua zaila izanik ere, borroka antolatzea posible da, eta prest dago ELA".

Politika arloan, abertzaleen indar metaketa aldarrikatu du -"transbertsalitatearen ideian oinarritu bi estrategia abertzalenagusiek porrot egin dute"-. "Lizarra-Garaziren printzipioei eutsi beharra dago herri honen askatasunaren alde lan eginez nahi eta ahal dugunon artean", eta ETAren bukaera eskatu du.

Militantziaren beharra azpimarratu du Muñozek bere hitzaldian. “Ilusio eta grinarik gabe ez dago militantziarik. Eta hori da espreski ELAren motorra. Era berean, besteek jasaten dituzten injustizien aurrean ezin dugu bestera begiratu. Gure militantzia da dugun altxorrik baliotsuena eta horregatik zaindu egin behar dugu”.

ELA da, alde handiz, Euskal Herrian kide gehien duen eragile ekonomikoa. 109.922 afiliatu ditu eta Hego Euskal Herrian %35,6ko ordezkaritza -EAEn %40 ingurukoa-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.