Adreiluaren digestio amaiezina

Burbuilaren urteetan, finantza erakundeek finantzatutako hamar eurotik sei adreilura bideratu zituzten. Krisia hasiz geroztik, denbora irabazi bitartean sektorea moldatzea izan da estrategia. Makurrak nabarmenak dira.

joxerra senar
Iruñea
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Nolatan iritsi da Espainiako finantza sistemaren zati bat erreskatatu behar izatera? Espainiako Gobernuak adierazi duen bezala hain ona izan bada erreskatea, zergatik ez da lehenago egin, eta zergatik ukatu izan da azken unera arte behin eta berriz Europaren laguntza? Zergatik esan du gezurra PPren exekutiboak, eta banku publikoetan diru publikoa jarriko zela ukatu du? Galderak bata bestearen atzetik datoz. Asteburuko gertakariek agerian utzi dute azken hiru urteotako finantza sistemaren moldaketak huts egin duela. Espainiako Gobernuak propaganda ahalegin guztiak eginagatik, jada kontrola galdu du. Lema Europak du orain.

Duela lau urte PP ez zegoen agintean, eta garai hartan Europako bankaren inbidiagarri omen zen Espainiakoa. 2007ko abuztuan hasi eta Lehman Brothersen kiebraz geroztik lehertu zen nazioarteko finantza krisiaren aurrean, kapitalizazioari eta hornidurei dagokienez sendo zeuden Espainiako banku eta aurrezki kutxak. Araudi eta zaintza zorrotza izan zituela argudiatzen zuten, harro. Munduko erreferentea omen ziren. Harrokeria irentsi behar dute orain.

1. Burbuilaren tamaina

Zergatia sinpleagoa zen. Salbuespen batzuk salbu, Wall Streetek munduan zehar saldutako aktibo toxikoetan ez zuten inbertitu. Arrisku nagusia ez zegoen atzerrian, aurreko hamarkadan puztutako etxebizitza burbuilan baizik. Burbuila eragin zuten faktoreak ugariak dira. Azken ziklo ekonomiko luzeko interes tasa apalek bultzatu dute burbuila, baina merkatuaren gaineko kontrol politikorik ez da egon. Alderantziz, batik bat Espainiako bi alderdi nagusiek adreiluan oinarritutako ekonomia ereduaren alde egin dute azken 20 urteotan euren erabaki politikoen bitartez: 1998ko lurzoruaren legea, etxebizitza erosteko zerga-pizgarriak...

Inork ez zuen urrezko arrautzak ematen zituen negozio hura baldintzatu nahi. Horregatik, 2003an Rodrigo Rato Espainiako orduko Ekonomia ministro eta azken urteetan Bankiako presidente izan denak ukatu egiten zuen burbuila zegoela, adibidez. Garai hartan, Frantzian eta Alemanian baino etxe gehiago eraikitzen ziren urte batean Espainian. Jose Luis Rodriguez Zapatero agintera iritsi zenean, ez zen ausartu zezenari adarretatik heltzen. Zein agintari ausartuko zen %4tik gorako hazkunde ekonomikoa geldiarazi eta bestelako eredu bateranzko pausoa ematera? Iparrorratz gisa inkestak erabiltzen zituen agintari sozialista behintzat ez. Haren agintaldian hartu zuen indar handien burbuilak. Azken urteetako oldarraldia finantzatzeko, Europako bankuen dirua hartu zuten maileguan espainiar erakundeek.

Datuak hor daude. Espainiako Bankuaren arabera, 2003tik 2008ko amaierara eraikuntza eta higiezin sektoreari banatutako kreditu kopurua hirukoiztu egin zen: 162.000 milioi eurotik 458.262 milioi eurora. Horri gaineratu behar zaio etxea erosteko eta zaharberritzeko sendiei emandako kreditua bikoiztu baino gehiago egin izana: 276.000 milioi eurotik 650.000 milioira. Laburbilduz, banku eta kutxek maileguan utzitako hamar eurotik sei adreiluaren negoziorako ziren.

2. Lehen ardi beltza

Munduko finantza sistema sendoena omen zenaren amesgaiztoa berehala hasi zen. Nazioarteko finantza krisiak eragindako atzeraldi ekonomikoak Espainia jo eta langabezia nabarmen handitzen hasi zenean lehertu zen burbuila. 2009ko martxoan agertu zen lehen ardi beltza: CCM Caja Castilla-La Mancha. Espainiako Bankuak Gaztela-Mantxako aurrezki kutxaren erreskateak gerora behar bezala kontrolatu ez den arazo bat azaleratu zuen. CCM aurrezki kutxak aitortutakoa baino handiagoa zen aktiboekiko zalantzazko kredituen tasa: %9 ordez, %17 pasakoa.

Informazioa ezkutatzen bakarra al zen CCM? Erakunde gehiago ari al zen informazioa isiltzen? OCDE nazioarteko erakundeak aurrezki kutxak «arrisku sektorea» zirela ohartarazi zuen, eta, hala, pixkanaka nazioarteko finantza erakundeen arreta bereganatzen hasi ziren Espainiako erakundeak.

3. FROB, bat egite hotzak

Adreiluarekiko menpekotasuna batez ere aurrezki kutxen artean pilatzen zela jakinik, Espainiako Bankuak finantza sistemaren moldaketaren lehen faseari ekin zion 2009ko ekainean. Lehen urratsa zen aurrezki kutxen arteko bateratzeak bultzatzea. Horretarako arazo nagusia tokian tokiko alderdiek kontrolatutako aurrezki kutxen errezelo guztiak gainditzea zen. Urtebete eman zitzaien kutxei, eta errezelo politiko horiei izkin egiteko formula gisa bat egite hotzak erabili ziren. Lehen fase hartan, kapital beharra zuten bateratzeak sendotzeko, FROB Espainiako Bankuak Bankaren Berregituratze Ordenatuko Funtsa sortu zuen Espainiako Bankuak. Urte guztiotan, 14.000 milioi euro utzi dizkie arazoak dituzten erakundeei.

Hain justu, lehena mugitzen Nafarroako Kutxa izan zen. Caja Canarias eta CajaBurgosekin bat egitea erabaki zuen 2009ko udazkenean. Gerora, antzeko bateratze gehiago etorri ziren. Aurrezki kutxen dantza batik bat 2010eko maiatzean etorri zen, Espainiako finantza mapa errotik aldatu arte. Bi kutxa txiki salbu, gainontzeko 43 aurrezki kutxak desagertu eta banku bihurtu dira gaur egun. 43 kutxa horiek 11 banku taldetan bilduta daude gaur egun.

4. Mesfidantza

Ezohiko ekaitz baten ezaugarri guztiak izan ditu geroztik Espainiako finantza sistemaren gain erori den erauntsiak. 2010eko maiatzean, zorraren krisia Espainiara ailegatu eta Zapaterok ordura arteko politika ekonomikoa erabat aldatu zuenean, pixkana Espainiara zuzentzen joan zen arreta guztia. Zalantzaren birusa finantza sistemara hedatu zen, eta atzerriko bankuak erakunde espainiarrei ohi baino garestiago mailegatzen hasi zitzaizkien. Mesfidantza hura konpontzeko asmoz, Europako Banku Agintaritzak egin beharreko lehen estres testetan sartu zituenkutxa eta banku guztiak. Alabaina, denborarekin, estres test horien erabateko porrotak (Irlandaren erreskatea, kasu) ez zuen lagundu mesfidantza hori gainditzen.

Epe luzera, egoera horrek kondenatu du sistema osoa. Denbora irabaztea, sektorea moldatzea eta kapital irizpideak pixkanaka sendotzea izan da Espainiako Bankuaren estrategia. Alabaina, etxebizitza burbuilaren eztandaren ondorio guztiak erabat ez aitortzeak eta krisiaren iraunkortasunak agerian utzi dute estrategiaren makurra. Ez du konfiantza galera gerarazi eta, denborarekin, susmoak erakunde guztiak kutsatu ditu, ahulenak zein sendoenak. Kutxa txarren arteko bat egiteak bultzatzea ere oker larritzat jo dute. Bankia da adibide garbiena.

Iazko udatik egoera larriagotu egin da, eta bankuen arteko merkatuetan euren jarduerarako funtsezkoa duten finantzaketa lortzea ezinezkoa izan zaie erakundeei. EBZren diruaren erabateko menpeko bihurtu dira. Gaur egun, 300.000 milioi eurora bitarte hartu dute finantzaketan, gehiena hiru urtera.

5.PPren kontraesanak

Herentzia txarra jaso zuen PPren gobernuak, bai, baina haren mezu kontrajarriek mesfidantza areagotu dute. Hasieratik ukatu zuen diru publikoa bankuen gehiegikeriak ordaintzeko erabiliko zuela. Hasieratik ukatu zuen Europak dirua jarri beharko zuela. Hiru hilabetean, bi finantza erreforma egin ditu eta hornidurak nabarmen handitzera behartu ditu bankuak: 80.000 milioi euro bitarte.

Gertaerak PPk nahi baino azkarrago joan dira. Bankiaren nazionalizazioarekin, bere hitza jan behar izan du beste behin. PPk politikoki kontrolatutako bankuan 19.000 milioi euroko zuloa agertzeak haren asmoak hankaz gora jarri ditu. Defizita nabarmen murrizten ari den herrialde batek dirutza hori ezin finantzatu izanak Europari laguntza eskatzera behartu du. Raxoik orain dio negoziazioetan laguntza hori bilatu dutela. Gezurra esatearen ondorioa da ez merkatuak ez herritarrak jada ez direla fidatzen, eta ez dutela egia bereizten. Sinesgarritasun faltak ondorio ekonomikoak ez ezik, politikoak ditu. Adreiluaren digestioa ez da amaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.