Merkataritza

AEBak gabe TPPrekin aurrera segitzeko akordiorik ez

Kanadak eskatu dituen baldintza berriek zapuztu dute akordioa, baina ituna sinatu zuten 11 herrialdeek negoziatzen jarraituko dute.

AEBak ez beste TPPren sinatzaileek itunaren etorkizunari buruz pasa den martxoan egin zuten bilera, Txileko Viña del Mar hirian. MARIO RUIZ / EFE
Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 10a
12:41
Entzun

Vietnamen egiten ari den APEC Asia eta Ozeano Bareko Ekonomia Elkarlanerako erakundearen bilera baliatuta, TPP Lankidetza Transpazifikoaren etorkizunari buruz negoziatzen aritu dira gobernuak. 2016ko otsailean, hamabi herrialdek sinatu zuten ituna, baina Donald Trump AEBetako presidenteak bere herrialdea erretiratzea erabaki zuen, agintea hartu bezain pronto. Itunarekin aurrera egiteko modua bilatzen ari dira gainerako sinatzaileak.

Heraldo Muñoz Txileko Atzerri ministroaren arabera, ez da posible izan oraingoz akordioa berrestea, eta Kanadako Gobernuari leporatu dio horren erantzukizuna. Muñozek azaldu duenez, Kanadako Merkataritza ministroa prest zegoen atzo iluntzean adostutako testua onartzeko, baina Justin Trudeau lehen ministroak "gehiago nahi zuen".

Jabetza intelektualari eta interneti lotutako gaiek eragin dute Kanadaren ezetza. Garrantzia kendu die Txileko ministroak, eta beste herrialdeengan ez dutela ia eraginik ziurtatu du. "Doikuntzaren bat egin behar bada Kanadako eskaerei jarraituz, ez dute eragingo, noski, Txilerentzako erabat egokia den agiri batean", Muñozen hitzetan. Datozen asteoan akordioa lortzea posible dela ere uste du.

AEBak irtendakoan, 11 herrialde geratu dira TPPren barruan: Australia, Brunei, Kanada, Txile, Japonia, Malaysia, Mexiko, Zeelanda Berria, Peru, Singapur eta Vietnam. Kanadaren kritikak ez dira bakarrak izan. APECen batzarraren aurretik edukia berriro negoziatzeko galdegin zuen Zeelanda Berriko gobernu berriak, inbertitzaileen eta estatuen arteko gatazkak konpontzeko arbitratze sistema pribatuarekin ados ez dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.