AEBek 'banku txarra' sortuko dute eta aktibo kutsatuak bere gain hartu

Hiru errepublikano moderaturi esker aurrera egin du Obamaren planak Senatuan

Iker Aranburu.
2009ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Hainbat astez bankuen nazionalizazioaren ideia aztertu ondoren, azkenean Barack Obamaren administrazioak bere egin du Henry Paulson Altxorreko aurreko idazkariaren ideia nagusia: bankuak salbatzeko beharrezkoa da haien jarduna eragozten duten aktibo toxikoak erostea. Aktibo horiek diru publikoarekin eta pribatuarekin sortutako funts batek erosiko ditu. Hau da, azken asteotan bad bank edo banku txarra izena jaso duen erakundea.

Gainera, Timothy Geithner AEBetako Altxorreko idazkariak atzo jakinarazi zuenez, Estatuak bankuetako kapitala handituko du, kontsumoa bizkortzeko maileguak erosiko ditu eta laguntzak emango dizkie etxebizitza galtzeko arriskua duten familiei.

Diru publikoa jasoko duten erakundeek orain arte baino baldintza gogorragoak bete beharko dituzte, baina iritsi gabe Obamaren aholkulariek proposatutakora: soldatak finkatzera, maileguak ematera behartzea, akziodunei akzioak kentzea edo zuzendaritzak aldatzea. The New York Times egunkariaren arabera, Geithnerren proposamen moderatua nagusitu da. Horren arabera, milioi erdi dolarreko saria izango dute gehienik bankuetako goi arduradunek, dibidenduak eta beste banku batzuk erosteko aukerak murriztuko zaizkie, eta bankuek jakinarazi beharko dute zer egiten ari diren herritarrei eta enpresei maileguak emateko.

Senatuaren onespena

Planaren puntu batzuk oraindik zehazteke daudenez, Geithnerrek ez du oraingoz diru gehiagorik eskatu. Baina egingo balu ez litzaioke erraza izango Kongresuaren onespena jasotzea, aurreko planaren hutsak zauriak ireki dituelako. Barack Obamak berak izerdia bota behar izan du Kongresuko bi ganberek ekonomia biziberritzeko plana onar zezaten. «Plana ez da perfektua. Ez dago halakorik. Ezin dizuet ziurtatu planean dagoen guztiak funtzionatuko duenik, baina ziur nago ezer egiten ez badugu krisia larrituko dela», aitortu zuen astelehenean, presidente gisa egindako lehen prentsaurrean.

Ordezkarien Ganberan errepublikano bakar batek ere ez zuen aldeko botorik eman, eta atzo, Senatuan, 41etatik hiruk baizik ez. Bi ganberek testu desberdinak onartu dituztenez, orain moldaketak egin beharko dituzte, eta aste honen amaierarako edo hurrengoaren hasierarako espero dute behin betiko onartzea.



Geithner planaren puntu nagusiak

'Banku txarra'. AEBetako Altxorrak eta Erreserba Federalak inbertsio funts publiko eta pribatu bat sortuko dute, eta horrekin erosiko dituzte bankuek gordetzen dituzten aktibo kutsatuak. Beste hitzetan, bad bank edo banku txarra eratuko dute banku pribatuei zama handiena -itzultzen ez diren maileguekin lotutakoak- kentzeko, berriro errentagarri bilaka daitezen eta maileguen iturria berriro ireki dezaten. Inbertsiogile pribatuak ere erakarri nahi dituzte aktibo horiek erostera, hartara, diru publikoa galtzeko arriskua gutxitzeko, bainaikusteke dago inor ausartuko ote den. Hasieran, 500.000 milioi dolar izango ditu funtsak, baina bilioi bat dolarrera iristeko prest dago AEBetako Gobernua.

Kapitala bankuetan. TARP edo Paulson Planean gastatzeke geratu ziren 350.000 milioi dolarrak eskatuko ditu Obamaren administrazioak, eta dirua baliatuko du bankuetako kapitala sendotzen. Hau da, partzialki nazionalizatuko dituzte.

Maileguak kontsumitzeko. Altxorrak eta Fedek 200.000 milioi dolar jarri zituzten autoak erosteko edo ikasketak egiteko maileguak edo kreditu txarteletako zorra erosteko. Orain iragarri dute bilioi bat dolar gastatuko dutela bankuek utzitako hutsunea betetzeko.

Laguntza etxea ez galtzeko. Datorren astean zehaztuko dute nola lagunduko dieten mailegua ordaintzerik ez eta etxea galtzeko zorian dauden milaka familiei. 50.000 milioi dolar jarriko dituzte horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.