Egun bakarrean, nazioarteko ekonomiari kalte egiten zioten bi ziurgabetasun desagertu dira, edo desagertzeko bidean dira. Boris Johnsonen alderdi kontserbadoreari gehiengo zabala emanda, britainiarrek berretsi egingo dute Europako Batasunetik alde egingo dutela. Horrela, behin betiko itxi dute 2016ko erreferenduma iraultzeko aukera, eta panorama argitu dute. Edonola ere, oraindik zehazteke dago zer-nolako harremana izango duten etorkizunean Erresuma Batuak eta EBk, eta horrek baldintzatuko du han dauden enpresen jarduna, baina baita hara esportatzen dutenena ere.
Nazioarteko ekonomian zeresan handiagoa izan dezake, berriz, AEBek eta Txinak gaur berretsitako itunak. Akordioa partziala da, «lehen faseko akordioa», Pekinen eta Washingtonen hizkeran. Hau da, ez ditu konponduko bien arteko harremanetan dauden desadostasun guztiak, ez baitie heldu bien arteko desadostasun nagusiei: Txinaren industria politika interbentzionistari eta AEBetako enpresen jabetza intelektualaren babesari.
AEBetako Gobernuak akordioa iragarri zuen ostegun arratsaldean, eta Txinakoak jada lortua zela baieztatu du gaur. Nazioarteko ekonomiari «konfiantza» emateko helburua duela esan du Pekinek, baina ez du erabakitakoa zehaztu.
Donald Trump AEBetako presidenteak txio batekin erantzun dio Txinaren iragarpenari. Horren bitartez iragarri du irailean %15era igotako Txinako produktuen gaineko tarifak %7,5era jaitsiko dituela berriro. Aurretik ezarritako muga zerga batzuek, 250.000 milioi dolarren inportazioen gainekoek, ordea, indarrean segituko dute.
Akordioaren beste ondorio bat da igande honetan Trumpek ezartzekoak zituen beste tarifa batzuk ez direla gauzatuko.
Elikagaien erosketa
Lehen faseko akordioa errazte aldera, Txinak keinu esanguratsua egin zuen joan den astean: kendu egin zituen Trumpi erantzuteko ezarriak zituen muga zergetako batzuk, AEBetako sojari eta txerrikiari jarritakoak. Hain zuzen, nekazaritza salerosketak izan dira negoziazio hauetako gai nagusietako bat, beharbada ados jartzeko errazenak zirelako. AEBek nahi dute Txinak konpromisoa hartzea elikagai estatubatuarren inportazioak nabarmen handitzeko.
«AEBetako kalitate handiko nekazaritza produktuen erosketa handituko du Txinak», iragarri du Ning Jizhe Txinako Gobernuko plangintza ataleko burukideak, 50.000 milioi dolarren erosketak baieztatu gabe.