AEBetako aurrezki kutxa handienak porrot egin du

Gainbeherak behartuta, Washington Mutual enkantean saldu diote JP Morgani, 1.300 milioi euroren truke

IKER ARANBURU - JAKES GOIKOETXEA
2008ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Herenegun gauean AEBetako finantza sistemaren salbamendu planari buruzko akordioa zena goizaldean jada ez zen. Eta demokratek eta errepublikanoek negoziazioen porrota elkarri leporatzen dioten bitartean, finantza erakundeek porrot egiten jarraitzen dute bata bestearen atzetik. Azkena, Washington Mutual izan da (WaMu), Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) aurrezki kutxa handiena. AEBetako historiako banku baten porrotik handiena izan da.

WaMu enkantean jarri zuten iragan astean, eta JP Morgan bankuak erosi du, 1.900 milioi dolarren truke (ia 1.300 milioi euro). JP Morganek bere gain hartu ditu WaMuren gordailuak (188.000 milioi dolar), bai bermatuta daudenak, bai bermatu gabe daudenak, eta baita zenbait aktibo eta zor ere. Tartean, hipotekak. Erosketaren ostean, gordailuetan diru gehien duen erakundea sortuko da: 900.000 milioi dolar guztira.

Erosketak AEBetako Gobernuaren babesa izan du, eta AEBetako Gobernuak kudeatuko du, hain zuzen, finantza erakundearen gainerako zatia.

WaMuk hilabeteak zeramatzan gaizki, baina irailean jo du behea: irailaren 15etik bezeroek 16.700 milioi dolar atera dituzte bertatik. JP Morganen arabera, WaMuk 31.000 milioi dolar galdu ditu bezeroek ordaindu ez dituzten hipotekengatik.

Washington Mutualen bidea jarraitzeko bi hautagai nagusi daude uneotan. AEBetan, zurrumurruak badira Wachovia bankuaren egoerari buruz, bere zorra berriro finantzatzeko arazoak izaten ari da eta. Wall Street ixteko gutxi falta zela, %37,5 galtzen ari ziren haren akzioak.

Europan, berriz, Fortis dago inbertsiogile guztien jopuntuan. Atzo, Belgikako eta Herbehereetako banku handieneko akzioak %20,37 jaitsi ziren, jakin ondoren 5.000 eta 10.000 milioi euro arteko aktiboak saldu egingo dituela. «Ez dago porrot egiteko inolako arriskurik», ziurtatu zuen Herman Verwilst bankuko kontseilari ordezkariak, eta nabarmendu zuen dirua ez dela likidezia arazoei aurre egiteko -300.000 milioi euro dituela dio-, baizik eta ABN Amro erosi berriaren integrazioa ahalbidetzeko.

Fortisen erorikoak eragin dezakeen hondamendiaz jabetuta, lasai egoteko deia egin zuen Belgikako gobernuburu Yves Letermek, eta egoera «oso gertutik» jarraitzen ari direla . Urte hasieratik gordailuen %3 galdu ditu Fortisek Beneluxen.

Fortisen egoerak eta AEBetako salbamendu planaren atzerapenak galerak ekarri dizkie Europako burtsei. FTSEk %2,09 galdu zuen atzo, %1,77 DAXek eta %1,50 CAC-40k. Bankuak nabarmendu ziren guztietan: Lloyds TSBk %8,14 galdu zituen, %7,33 Commerzbankek eta %6,13 Credit Agricolek. Salbuespena Madrilen gertatu zen: BBVAk %0,42 irabazi zuen.

Paulson, belauniko

Demokraten eta errepublikanoen ordezkariek herenegun gauean iragarri zuten oinarrizko akordio bat lortu zutela finantza sistemaren salbamendu planari buruz.Ordu batzuk geroago, George Bush AEBetako presidentea bildu egin zen Kongresuko bi alderdietako ordezkariekin eta Barack Obama presidentegai demokratarekin eta John Mccain presidentegai errepublikanoarekin. Bileraren ostean akordioaren berri emango zutela uste zen. Bi alderdien elkarlanaren eta erantzukizunaren emaitza gisa aurkeztuko zutela. Baina bileraren ostean ez zegoen akordiorik.

Irudi batek argi erakusten du negoziazioen premia eta larritasuna. The New York Times egunkariaren arabera, bileraren ostean, Henry Paulson AEBetako Altxor zuzendaria Nancy Pelosi Kongresuko lehendakariaren-demokrata- aurrean belaunikatu zen. Eskatu zion negoziazioak ez zapuzteko eta babesa emateko salbamendu planari. «Ez nekien katolikoa zinenik», erantzun zion Pelosik. «Ni ez naiz ari negoziazioa zapuzten, errepublikanoak baizik», gehitu zuen. «Badakit, badakit», erantzun zion Paulsonek, betiere The New York Times-en arabera.

Bi alderdiek negoziazioei ekin zieten berriro atzo. Konfiantza kutsatu nahi izan zieten herritarrei eta merkatuei. Bush bera Wall Streeteko saioa ireki aurretik azaldu zen jendaurrean: «Prozesu legegilea beti ez da atsegina, baina laguntza sorta onartuko dugu».

Hala ere, demokratek eta errepublikanoek elkarri leporatu zioten negoziazioen porrota. Baita bi presidentegaien parte-hartzeari ere. Christopher J. Dodd senatari demokratak berak onartu zuenez, «bi presidentegaiak negoziazioetan sartzea ez da lagungarria izan, kaltegarria baizik».





############



Hazkundea

%2,8

Aurreikuspenak behera.AEBetako Merkataritza Departamentuak atzo iragarri zuenez, azken urtean %2,8 hazi da ekonomia. Datua gaizki hartu ditu adituek, aurretik Gobernuak esan zuelako %3,3koa zela.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.