Azken 50 urteotako datu makroekonomiko okerrenek berriro hoztu dituzte egoerari buruz agintariek egindako iragarpen itxaropentsuak. AEBetan, barne produktu gordina iazko lehen hiruhilekoan baino %2,6 txikiagoa izan da aurten. Are okerragoa Espainian, ekonomia %2,9 uzkurtu baita azken urtean.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ohi duen baikortasunarekin jaso zituen Espainiako Bankuaren datuak. Banku zentralak 1970az geroztiko hazkunde negatiboena kaleratu arren, Zapaterok esan zuen «agian» krisi ekonomikoaren okerrena igaro dela, baina «egoera onetik urrun» daudela onartu behar izan zuen.
«Ez guretzat ezta lau milioi langaberentzat baino gehiagorentzat ere ez da zilegi azalpen hori», erantzun zion Cayo Lara IUko koordinatzaileak. Hain zuzen ere, langabezia ari da Espainian gehien handitzen. Langabezia tasa %17ra heldu da, azken urtean enpleguaren %6 galdu baitzen. Horri lotuta dago, noski, herritarren kontsumoa, eta %3,3 txikitu da urtarriletik martxora. Enpresen inbertsioa ere beherantz doanez, Espainiaren barne eskaria %4,9 txikitu da urteko lehen hiruhilekoan, aurrekoan baino bi puntu gehiago.
Sektoreka, eraikuntza eta industria ez ezik, zerbitzuak ere ari dira krisia nabaritzen, tartean turismoa ere apaldu egin delako.
Datu positibo bakan batzuk baizik ez ditu ikusi Espainiako Bankuak. Batetik, zuhurtzia itzultzen ari dela familietara eta aurrezkia errentaren %13ra heldu dela. Bestetik, inflazioa eta interes tasak jaitsi direla eta horrek familia askoren errenta handitu duenez «hilabete batzuk barru»emaitzak izan beharko lituzkeela kontsumoan.
Gauzak ez daude hobeto AEBetan. Urtarriletik martxora 14,075 bilioi dolar fakturatu zituzten herrialde hartan, iazko epe berean baino %2,6 gutxiago. Datua askoz ikusgarriagoa da aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero, urritik abendura baino %6,1 txikiagoa izan baita BPGa. Datuak harritu egin ditu analistak, %4,7koa espero zuten eta. 2008ko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera ekonomia %6,3 uzkurtu zen. Halako bi hiruhileko txarrik ez da gertatu azken 50 urteotan.
Ekonomiaren beheraldia ezin zaio kontsumoari egotzi, herritarren kontsumoa %2,2 handitu zelako -azken bi urteotako hazkunderik handiena-. Enpresek, ordea, inbertsioak geratu egin dituzte -%38 gutxiago- eta bost milioi langile kalera bota dituzte 2007ko abenduan krisia hasi zenetik. Produkzioa amiltzearen eta merkataritza moteltzearen ondorioz, esportazioak asko gutxitu ziren.2005az geroztik lehen aldiz Gobernuaren gastua gutxitu egin zen. Oso litekeena da azken datu horri oraingo hiruhilekoan buelta ematea, Barack Obamak ekonomia suspertzeko planaren hainbat neurri eta gastu indarrean jarriko direlako.
Alemanian, are okerrago
Alemanian ez dago datu berririk, baina iristen direnean txiki utziko dituzte Espainiakoak eta AEBetakoak. Karl Theodor zu Guttenberg Ekonomia ministroak atzo onartu zuenez, aurten %6 txikituko da BPGa. Orain arte, Berlinek %2,5eko beherakada aurreikusi zuen, baina munduko merkataritzaren erorketak bete-betean jo du esportazioetan oinarritutako ekonomia.
Datu okerragoa ikusteko, ez da urrunegi joan behar, Alemaniarekin Itsaso Baltikoa partekatzen duten errepublika txikietara baizik ez. Lituaniak jakinarazi du %12,6 txikitu dela ekonomia duela urtebetekoaren aldean. Estoniak aurreikusi du BPGa %12 uzkurtuko dela aurten, eta %15 txikitzea espero du Letoniak.
AEBetako ekonomiak azken 50 urteotako datu txarrenak eman ditu
Espainiako barne produktu gordina %2,9 txikitu da azken urtean, eta enpleguaren %6 galdu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu