Diru politika

AEBetako Erreserba Federalak bere horretan mantendu ditu interes tasak

%5,25 eta %5,5 artean eutsi die, baina urtea amaitu aurretik beste 0,25 puntu igotzea aurreikusi dute.

Jerome Powell Fed-eko presidentea atzo, Washingtonen, interes tasei buruzko azken erabakiaren berri ematen. SHAWN THEW / EFE
Iñaut Matauko Rada.
2023ko irailaren 21a
11:04
Entzun

2022ko martxotik hona 11 aldiz jarraian interes tasak igo ostean, Amerikako Estatu Batuetako Erreserba Federalak igoera hori gelditu zuen atzo, eta uztailean jarritako ehunekoari eustea erabaki du. Orduan, %5,25 eta %5,5 artera igo zuten diruaren prezioa, eta bere horretan mantentzearen alde egin dute.

Hala, AEBetan interes tasak goia jotzear direla dirudi, nahiz eta aurreikusi duten urtea amaitu aurretik beste puntu laurden igoko direla interes tasak. 2022ko martxotik hona izugarri igo dira tasak, 2001eko urtarrilera egin behar baita atzera diruaren prezio hain handia ikusteko. Hala ere, abiadura bizkor horri balazta jarriko diotela iragarri zuen abuztu amaieran Jerome Powell Erreserba Federaleko presidenteak, hurrengo urratsak «kontu handiz» egingo zituztela esanez. Eta, adierazpen horiei jarraikiz, irailean ez dituzte interes tasak igo.

EBZ Europako Banku Zentralaren bestelako bidea hartu du, beraz, Erreserba Federalak, Christine Lagarde frantsesak zuzentzen duen erakundeak %4,5era igo baitzituen interes tasak joan den astean.

Diru politikaren gogortasuna

EBZko eta Erreserba Federaleko presidenteen jarrerak ezberdinak dira inflazioari aurre egiteko hartutako neurrien inguruan. Christine Lagardek politika murriztaileen aldeko jarrera du oraindik ere, inflazio tasa handiaren aurkako neurri nagusi gisa ikusten baitu. Gainera, eurogunean inflazioa eta batez ere azpiko inflazioa jaistea nekeza izaten ari denez, halako politikekin jarraitzearen alde agertu da behin eta berriro, ekonomia geldoarazteko.

Powellen adierazpenak, baina, neurrizkoagoak dira, uste baitu hemendik aurrera «kontu handiz» hartu beharko dituztela diru politikako neurriak. Hala ere, nabarmentzekoa da ezen interes tasen igoera fase berri honetan Erreserba Federalak erabaki agresiboagoak hartu zituela hasieran, eta interes tasen maila ikustea besterik ez dago, puntu bat handiagoak baitira AEBetan eurogunean baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.