Gobernuak herenegun gauerdi aldera iragarri zuen erreskate plana: alde batetik, 20.000 milioi dolar inbertituko ditu Citigroupen (15.600 milioi euro), lehentasunezko akzioen truke; bestetik, 306.000 milioi dolarren aktibo kutsatuak bermatuko ditu (240.000 milioi euro). Citigroupek duela aste batzuk 25.000 milioi dolarreko laguntza jaso zuen AEBetako Gobernuaren eskutik.
Bi neurri horiek ez ezik, Citigroupek hipotekak aldatzeko plan bat ere abian jarri beharko du, enbargo gehiago saihesteko.
Gordailu Federalen Aseguruen Korporazioak babestuko ditu Citigroupen aktibo kutsatuak. Hala ere, aktibo horiek galerak eraginez gero, Citigroupek bere gainhartuko lituzke galeren lehen 29.000 milioi dolarrak. Galera gehiago sortuz gero, Gobernuak bere gain hartuko du horien %90 eta Citigroupek %10.
Aktibo kutsatuak bere esku
Aktibo kutsatuek Citigroupenak izaten jarraituko dute. Alegia, AEBetako Gobernuak hasieran iragarri zuen bezala aktibo kutsatuak erosi beharrean, zuzenean dirua inbertituko du finantza erakundeetan.
Handiegia erortzen uzteko. Esamolde hori erabili dute hainbat analistak Citigroupeko erreskatea zuritzeko. Citigroup AEBetako banku handienetan bigarrena da aktiboetan. Baina bere akzioek gainbehera egin dute azken astean. Duela urtebete Citigroupen akzioek 30 dolar inguru balio zuten; iragan ostiralean, 3,77. Atzo, AEBetako Gobernuaren laguntza plana iragarri ostean, Citigroupen akzioek %50 inguru egin zuten gora Wall Streeten.
Citigroupek iragan astean iragarri zuen 52.000 langile kaleratuko dituela mundu guztian. Kaleratze horien aurretik beste 23.000 ere iragarri zituen.
############
Citigroup
Sorrera: 1998.Presidentea: Vikram Pandit.
Egoitza nagusia: New York.
Bezeroak: 200 milioi ehun herrialdetan baino gehiagotan.
Langileak: 300.000
Irabaziak iaz: 113.600 milioi dolar.
Galerak: 20.000 milioi dolar azken urtebetean.
Aktiboak: Ia bi bilioi euro.
Akzioak: %70 galdu dute astebetean.
############