Munduko ekonomia potentzia nagusiaren kudeatzaile politikoek herrialdearen kiebra arriskua muturreraino eramateak, etxea ez ezik, nazioartea jarri du dantzan, merkatu globalizatua, eta atzo aztoratuta zebiltzan neurgailu ekonomikoak eta haien erantzule politikoak. Amildegitik ateratzeko ahaleginean izan dira AEBetan azkenera arte, hondoa jotzeko epea amaitu baino zertxobait lehenago, oraindik horretan —gaur da egun handia—. Barack Obama presidenteak Ordezkarien Ganberako eta Senatuko presidenteekin —errepublikano eta demokrata, hurrenez hurren— igande gauean akordioa erdietsi ondoren, bi ganberatako gehiengoa lortzeko bidean ziren atzo. Demokrata eta errepublikano moderatuen bozketek bat egiteko ahalegina egin du Obamak, herria kiebrara eraman duen presidenteabilaka ez dadin, baina demokrata ezkertiarrenen eta batez ere muturreko kontserbadoreen —Tea Party— kontrako jarrerak jarri ditu herrialdea eta nazioartea ataka horretan.
Akordioaren beharra
Akordioa ez da Barack Obamak nahiko lukeena, inondik inora, baina akordioa da azken batean, eta errepublikanoen eskaera garrantzitsuak onartu behar izan dituen arren —zergak ez igotzea aberatsenei eta gastu soziala murriztea, besteak beste—, errepublikanoak ere ez dira oso airoso atera; ez dute norgehiagoka honetan garaipena erdietsi, kontserbadoreenek, Tea Partykoen presioagatik, egunerokoa aztoratu eta segurtasuna eta merkatuak bermatzeko sosak arriskuan jarri dituztela ikusi baitute estatubatuarrek, eztabaida eroan herrialdea jira eta bira jarri dutela —inkesten arabera, herritarren %70 inguruk nahi dute akordioa—.
AEBetako Gobernuaren krisia ez baitu ekonomiak eragin, Washingtonen errepublikanoek eta demokratek duten borroka politikoak baizik. Obamak berraukeraketa hor gertu —datorren urtean dira presidentetzarako hauteskundeak— amore eman behar izan du errepublikanoen hainbat eskaeraren aurrean, Washington itotzen ari den girotik ateratzeko. Errepublikanoen buruzagiak, berriz —John A. Boehner Ordezkarien Ganberako presidentea bereziki— ikututa atera dira bere taldeko muturrekoek egindako presioagatik, Etxe Zuriko jarduna hankaz gora jartzeko helburuak estatubatuarren egonkortasuna astindu duelako.
Bi aldeak pentsatzen ari dira zein ondorio izan ditzaketen akordioaren harira gertatutakoek, kanpora begira jarri gabe, gobernua eskuratzeko etengabeko borrokari begira; herritarren aurrean nolakoa izango den errepublikanoen eta demokraten botere erakustaldia. Sei hilabetera hasiko den kanpaina bortitzaren preludioa da hau.
Presidentea igande gaua oso sartua zela atera zen herritarrei hitz egitera, etaakordioa bideratzeko moduko babesa zuela esaten ari zen bitartean, Boehner errepublikanoen burua oraindik taldekoak konbentzitzen ari zen, minutu gutxi lehenago demokratekin iritsi zenaren inguruko azalpenak ematen.
Ezkertiarrenak ere, haserre
Obamak gau hartan egindako agerraldian argi eta garbi hitz egin zuen: «Hau da nik nahiko nukeen akordioa? Ez» , baina larriagoa izan zitekeena saihesten saiatu da, «Washingtonek Amerikako gainerakoei inposatu dien krisiarekin amaitzen». Ezkertiarrenak haserre daude AEBetako familia txiroenen ekonomiak izango direlako galtzaile nagusiak, baina trukean, oro har, herritarrek egonkortasunaren ahalegina txalotzeko joera izango dutela aztertu dute demokratek. Boehnerren alde dauden errepublikanoek ere bai, eta haserrea bi aldetakoa dela nabarmendu: «Denak gaude haserre, baina inoren gustukoa ez denarekin egin behar dugu aurrera».
Dena den, herritarrek ikusi diote horraino heldu arte Obamari irrist egiten. Hanka sartu zuen Boehnerrekin «akordio handia» bideratu zuela esan zuenean—Tea Partykoek zapuztu zuten—. Hori dela eta, egunotan aholkulariek agerraldi publikoetatik kanpo geratzeko esan diote, eta telefono bidez zuzendu ditu legebiltzarkideekin eztabaidak eta erabakiak, akordioak porrot eginezgero bera baita galtzaile nagusia.
Behin-behineko akordioak jasotzen du datozen hamar urteetan egin beharrezko defizit murrizketa, eta ondoren, Kongresuko batzorde batek proposamen berria egin beharko luke. Presidenteak hortik eratorritako eztabaida hauteskundeen ondoren egin nahi luke. Errepublikanoei, berriz, aurretik egitea komeni zaie. Bozak irabaztea bien xede.
Zorraren krisia. AEBak
AEBetako politikarien borrokak munduko ekonomia dantzan jarri du
Errepublikanoen eta demokraten botere lehiaren ondorioz, kiebra deklaratzeko epea amaitu arte eztabaidatu duteBarack Obamak amore eman behar izan du, baina kontserbadoreak ez dira onik atera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu