«Norbaitek kartzelara joan beharko du». Estu hartu zuten atzo Michael Horn AEBetako Kongresuan. Volkswagenen AEBetako arduradun nagusiak Ordezkarien Ganberako Energia eta Merkataritza batzordeko kideen galderei erantzun behar izan zien, eta aitortu zuen duela urte eta erditik zekiela bere konpainiako diesel auto batzuk behar baino gas kutsagarri gehiago ari zirela isurtzen. Frank Pallone kongresukide demokratak zigor zentzagarria eskatu zuen VWentzat, eta, Alemaniako konpainia zigortzeaz gain, erantzukizunen bat duten taldeko arduradunak ere zigortzea eskatu zuen. «Norbaitek kartzelara joan beharko du. Horixe da axolagabekeriaren kultura ezabatzeko bide bakarra».
Hain zuzen ere, AEBetan piztu zen VWen emisioen eskandalua joan den irailaren 18an, eta konpainiaren herrialde hartako presidenteak aurpegia eman behar izan du kongresuan. Agerraldian, Hornek behin baino gehiagotan eskatu zuen barkamena, eta adierazi zuen VW «prest» dagoela izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko. Iragarri zuen, gainera, konpainiak ez duela 2016an AEBetan diesel modelo berriak saltzeko lizentziarik eskatuko, auto berrien isuriak ondo kontrolatuta daudela ziurtatu arte bederen.
«Argi berba egin nahi dut: geure gain hartzen dugu erantzukizun osoa», nabarmendu zuen Hornek. Eta azaldu zuen lanean ari direla saldutako 11 milioi trukatuak lehenbailehen konpontzeko. Urtarrilean hasi nahi dute autoei software manipulatua kentzen, baina Hornek azaldu zuen 2017ra arte ezin izango dituztela konpondu auto gehienak. Horrez gain, AEBetako Senatuak Volkswagenen bezeroek izandako hobari fiskalak berreskuratzea ere eskatu du, baina oraindik ez dute zehaztu zelan egin itzulketa bezeroei kalte egin barik. Guztira, 44 milioi euro inguru dira, 1.200 euro auto bakoitzeko.
Hornek aitortu arren iazko udaberritik zekiela VW auto batzuk legez kanpoko isuriak egiten zituztela, gaineratu zuen aurtengo irailaren 1era arte ez zekiela autoek software manipulatu bat zutenik iruzurra ezkutatzeko. Haren esanetan, software horiek jartzea ez zen konpainiaren erabakia izan, «ingeniari batzuena» baizik. Lehen aldia da VWeko buruzagi batek aitortzen duena lehendik zuela gehiegizko emisioen berri. Martin Winterkorn VWeko presidente ohiak dimisioa eman zuenean, konpainiak esan zuen Winterkornek ez zekiela ezer eskandaluari buruz.
Bada, Alemaniako fiskaltza konpainia ikertzen ari da erantzukizunak argitzeko. Atzo auto konpainiaren hainbat egoitza miatu zituen Poliziak fiskaltzaren aginduz; besteak beste, taldearen egoitza nagusia, Wolfsburgekoa.
«Arrazoizko baikortasuna»
Fiskaltzak azaldu du informazioa bildu nahi duela «iruzurraren bilakaera zehatza zein izan den, eta auzian nahastuta nortzuk dauden jakiteko». Alemaniako fiskaltzak salaketa ugari jaso ditu VWen aurka. Hori dela eta, ikerketa abiarazi zuen irailaren 28an. Ohar batean jakinarazi zuen Winterkornen gaineko ikerketa zela martxan jarritakoa. Hiru egun geroago, ordea, oharra «gaizki egina» zegoela azaldu zuen, eta «langile arduradunen» gaineko ikerketa zela.
Volkswagenen ekaitzak oso arduratuta ditu Iruñeko Landabengo VW plantako langileak ere. Nafarroako Gobernuak azaldu du Alemaniako konpainiarekin harremanetan dagoela eta «arrazoizko baikortasunez» egoteko moduan dagoela Landabenek jaso beharreko inbertsioen inguruan. Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko presidenteordearen esanetan, gobernua «indarrez» ari da lan egiten eskandalua baino lehen iragarritako inbertsioa «lehenbailehen» ailegatu dadin Landabengo plantara. VWek Polo modeloa ekoizten du Iruñean, eta Poloak ez dauka inolako software trukaturik isuriak faltsutzeko.
AEBetako VWeko buruak aitortu du iaztik zuela gehiegizko isurien berri
AEBetako Kongresuko galdeketan egin du aitorpena Hornek, eta kongresukide batzuek kartzela zigorrak eskatu dituzte 'VW auzian'.Alemaniako fiskaltzak konpainiaren hainbat egoitza miatu ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu