Espainiako Gobernuak AENAren %49 saltzeko prozesua abiatu du. Gainontzeko %51 oraingoz bere esku gordeko du Espainiako Estatuak eta, hortaz, aireportuen kudeatzailearen kontrolari eutsiko dio. Azken hamabost urteotako pribatizazio handienetako bat da Espainian, eta 2010az geroztik eduki dute aztergai Madrilgo agintariek, PSOEkoak lehenik eta PPkoak orain.
Aspaldikoa da bidaiarientzako tren zerbitzuak liberalizatzeko asmoa ere. Gaur hartu du abiada, Ana Pastor Sustapen ministroak iragarri baitu Renfek lehiakide pribatu bat izango duela Madril eta Mediterraneoko hirien arteko linean. Espainiako hiriburua eta Cuenca, Albacete, Alacant, Valentzia, Castelló eta Murtzia batzen dituen linea da hori. AHT Abiadura Handiko Tren zerbitzuei ez ezik, abiadura arruntekoei ere eragingo die.
Pastorrek azaldu duenez, lehen zazpi urteotan lehiakide bakar bat izango du Renfek, eta behin epe hori igarota beste batzuei irekiko zaie atea.
Liberalizazioaren bidez "zerbitzua hobetuko" dela eta "prezio lehiakorragoak" lortuko direla agindu du ministroak.
Europako Batasunak 2019rako trenbideak osorik liberalizatzeko epea jarri die estatukideei. Beste batzuk baino bizkorrago doa Espainia eta polikiago, berriz, Frantzia. Azken egunotan greban daude SNCFko langileak, Parisek abian jarri duen erreformaren aurka.