Berrikuntzan sakondu nahi du Aernnovak, eta horretarako lantegi berria eraiki du Arabako Parke Teknologikoan (Miñao, Araba). Mekanizazio zentroa da, eta aeronautika enpresak abian dituen programa guztietarako piezak egingo dituzte bertan. Aurreneko fasean da, eta 8 milioi euro inbertituko dute 2019 amaierara bitartean. Datozen bi urteetan 100 lagunentzako enplegua sortzea aurreikusi du enpresak. Gaur inauguratu dute lantegia, eta bertan izan da Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Garapenerako sailburua, besteak beste.
Industria 4.0-ren alde egindako apustua da Aernnovaren lantegi berria, eta elkarlanean egindako proiektua da. Tecnalia, Tekniker eta Gaiker zentro teknologikoek ere parte hartu baitute. “Anbizio handiko proiektua” da, Iñaki Lopez Gandasegi Aernnovako presidentearen hitzetan, eta “kudeaketa adimendunaren aldeko teknika berritzaileak” ezartzeko konpromisoa izango du zentro berriak. “Sektore aeronautikoarentzat bikaintasunerako zentro bat izatea nahi dugu lantegi berri hau. Horretarako, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzen jarraituko dugu datozen urteetan ere, egun ditugun helburuak bikoiztu arte”.
Lopezek erantsi du, halaber, “kontaktuak” badituztela bigarren inbertsio fase bati ekiteko ere. Izan ere, beste 10 milioi euroko inbertsioa egingo du enpresak lantegi berrian, eta 2022an gauzatu nahi dute proiektua bere osotasunean. Ordurako, guztira 200 lanpostu sortzea espero dute. Enpresa zoriondu du Tapia sailburuak: “Urratsez urrats egiten ari gara bidea berrikuntzaren eta garapenaren alde. Ekonomian nolabaiteko hazkunde txikiago bat dagoela esanagatik ere, gure enpresek inbertsioak egiten jarraitzen dute, eta Aernnova da horren adibide”.
Egun, 4.500 langile ditu Aernnovak, eta iaz ia 700 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Aeronautika sektoreko puntako enpresa da, eta aeronautika egituren diseinuan eta fabrikazioan espezializatu du bere egitekoa. Izan ere, munduko aireontzi fabrikatzaile nagusien hornitzaile garrantzitsua da.
Europako institutuaren programa
Berrikuntzaren eta teknologiaren Europako institutuak hartutako erabakiaren berri eman du Tapia sailburuak aurkezpenean, halaber. Izan ere, hainbat euskal enpresa barne hartzen dituen proiektu bat aukeratu du Europako Batzordeak berrikuntzan oinarritzen den industria fabrikazioaren norabidearen eta diseinuaren buru izateko. EIT Manufacturing proiektua partzuergo batek kudeatuko du, eta talde horretako kide dira, besteak beste, Aernnova, Mondragon Taldea, Tecnalia, Alianza Ik4, edota ITP Aero enpresak. Guztira 17 herrialdetako 50 eragilek osatzen dute partzuergoa.
Proiektuak bost berrikuntza zentro izango ditu, eta horietako bat Euskal Herrian kokatuko da. Tapiak azaldu duenez, zentroen sareak Bilbo, Goteborg (Suedia), Milan (Italia), Viena (Austria), eta Darmstdat (Alemania) lotuko ditu. “Hau da bidea Europar mailan teknologikoki lehen mailan egon nahi badugu. Poliki-poliki eta urratsez urrats egin behar dugu bidea, eta elkarlanean”.