AERONAUTIKA. Gamesak dio aeronautika saileko moldaketan ez dela lanposturik galduko

Zuzendaritza datorren ekainaren 15ean bilduko da sindikatuekin, Arabako lantokietan egin nahi dituen aldaketak jakinarazteko

Erredakzioa
2005eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Gamesak aeronautika saila moldatzeko duen planak ez duela lanposturik deuseztuko edo ahalik eta enplegu gutxien galduko dela ziurtatu du Alfonso Basagoiti konpainiako presidenteak.

Akziodunen batzar nagusia izan zuen Gamesak, atzo, Miñaoko (Araba) parke teknologikoan. Besteak beste, joan den urteko emaitzei oniritzia eman zioten akziodunek. 2004an 221 milioi euro garbi irabazi zituen, aurreko urtean baino %10 gehiago.Emaitzari esker dibidendu osagarriak banatuko dizkie konpainiak akziodunei. Akzio bakoitzeko 0,15 euro gordin ordainduko dituzte, hilaren 15etik aurrera. Burtsak gogotsu hartu zuen albistea, eta Gamesaren akzioak %2,55 igo ziren atzo Ibex-35ean.Irabaziak, batez ere, energia eta eolika ataletik datoz. Aeronautika sailak, ordea, aurreko urtean baino %65 mozkin gutxiago izan zituen iaz. Embraer 145 hegazkin modeloa gero eta gutxiago saltzeak berebiziko eragina izan du jaitsiera horretan.Aeronautika atalak bizi duen egoerari aurre egiteko asmoz, PREGA izeneko plana prestatzen ari da zuzendaritza. Funtsean, sailaren egitura beste era batera antolatu nahi dute. Moldaketa horrek sindikatuen susmo txarrak piztu ditu konpainiak Araban dituen lantokietan, saldu aurretik bere neurria doitzeko estrategia dela uste baitute.

Lan karga ziurtatzea exijitu dute ELAk eta LABek

Akziodunen batzarra bildu zuen eraikinaren kanpoaldean ELAk eta LABek Gamesan dituzten sail sindikaletako ordezkariak elkarretaratu ziren. Arabako lantegien etorkizuna ziurtatzeko industria plan bat aurkeztea exijitu zioten enpresari.

Datorren ekainaren 15ean zuzendaritza eta sindikatuak berriro bilduko dira. Batzarrean PREGA planaren nondik norakoak zehaztu dizkie enpresak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.