Afaria, bilerak, argazkia eta etxera

Mami eta konpromiso gutxiko adierazpena onartu dute G20koek Seulgo goi bileran, gutxieneko adostasunaren izenean. Balantza desoreka handiegiak atzemateko neurgailuak zehaztuko dituzte 2011n

jakes goikoetxea
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
G20koek Seulgo goi bileran hitzartu dutena ikusita, Ali Babacan Turkiako Ekonomia ministroak arrazoia zuen: «Ados jartzeko, guztiok partekatzen dugun gutxienekoa bilatzen dugu, eta gutxieneko hori gero eta txikiagoa da». Babacanek Gyeongjun egin zuen adierazpena, G20 taldea osatzen duten herrialdeetako ekonomia eta finantza ministroen bileran. Atzo, akordioa bera bihurtu zen albiste, akordioaren mamia baino gehiago.

Eta Seulgo goi bilera antzua izan da. Ez dute erabaki emankorrik hartu dibisen gerrari eta kontu korronteko balantzen desorekari buruz. Etxeko lanak 2011ra atzeratu dituzte. Orduan hasiko dira arazoak aztertzen. Erabakiak, badatoz, geroago etorriko dira. Bitartean, neurri handi batean atzeraldiaren mamua uxatuta, herrialdeek beren bideari eutsiko diote -Txinak eta AEBek, batez ere-, gainerakoak aintzat hartu gabe.

Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtseko presidenteak onartu du egoera aldatu dela, Seulgoa G20 taldearen bigarren faseko lehen goi bilera izan dela: «Lehenengo goi bileretan elkarlana beharrezkoa zen, krisiak behartuta;orain, ordea, elkarlana borondatezkoa da, eta hori askoz ere zailagoa da».

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak beisbola erabili zuen Seulgo goi bileraren emaitza apalak erakusteko. «Batzuetan, home run-en ordez [itzuli osoa], single-ak [lehenengo lasterketa laburra] lortzen ditugu», esan zuen Obamak. «Baina single garrantzitsuak dira».

1. Dibisen gerra

Oihartzun gehien izan duen gaia izan da. Amaieran, ordea, ez dute erabakirik hartu. AEBek eta Txinak beren dibisen balioa artifizialki apaltzeko neurriak hartu dituzte. Horrek haien produktuak lehiakorrago bihurtzen ditu, eta esportazioak errazten.

Seulgo goi bileraren amaierako agirian, baina, aipamen leun bat baino ez diote egin gaiari. G20koek esan dute urratsak egingo dituztela merkatuek dibisen balioa gero eta gehiago baldintzatzeko, diruaren balioak ekonomiaren gorabeherak islatzeko eta herrialdeek dibisen debaluazioa ez erabiltzeko lehiakortasuna handitzeko.

Neurri zehatzik ez dago. Behin betiko agirian ez dira ausartu Txina aipatzera, debaluazioaren erabilerari buruzko pasartea batez ere Txinarentzat den arren. Txinak berak bat egin du agiriarekin, oraingoz bere diru politika aldatzeko asmorik ez duen arren.

AEBei buruzko zeharkako aipamen bat ere badago. Herrialde industrializatuek esan diote adi erreparatuko dietela bere diru politikei, 600.000 milioi dolar jaulkitzeko erabakia gogoan.

2. Desorekak

Seulgo goi bileraren muinean egon den gaia izan da. Alde batetik, kontu korronteko balantza positiboa dutenak, hau da, erosi baino gehiago saltzen duten herrialdeak: gorabidean diren herrialdeak -Txina, batez ere-, Alemania eta Japonia. Bestetik, balantza negatiboa dutenak, saltzen dutena baino gehiago erosten dutenak, AEBak nagusiki.

Balantza defizitarioa duten herrialdeek behartu egin nahi dituzte soberakinak dituztenak gehiago kontsumitzera, barne kontsumoa bultzatzera.

Goi bilerako azken agiriak dio G20koek balantza orekatuak bultzatuko dituztela eta aurre egingo dietela desoreka handiegiei. Ez dute zehaztu, ordea, zer diren desoreka handiegiak eta nola aurre egingo dieten. Banku zentralen eta finantza ministerioen esku geratu da neurgailuak ezartzea, 2011ko lehen erdirako. NDF arduratuko da desorekei buruzko azterketak egiteaz, betiere herrialde bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta.

3. AEB-Txina gatazka

Seulgoa AEBen eta Txinaren arteko lehia izan da. Bi erraldoietako inork ez du irabazi, bietako inork ez du galdu. Joan bezala itzuli dira etxera, amore eman gabe. «Zorrotz zainduko dugu ea yuanaren balioa handitzen den», ohartarazi zion Obamak Hu Jintao Txinako presidenteari. Txinako ordezkariek erantzun zioten AEBek herrialde guztiei harrarazi nahi diela hark bere gaixotasuna sendatzeko behar duen botika.

4. Bankuak

G20koek aplikatu egingo dituzte Basilea III akordioan bankuei ezarritako neurriak. Basilea IIIren arabera, bankuek oinarrizko kapitalaren %7 gorde beharko dute 2019rako. G20koek, Basilea IIIk bezala, uste dute nazioartean lan egiten duten bankuei are baldintza zorrotzagoak eskatu behar zaizkiela. Nazioarteko Finantza Egonkortasunerako Foroak urtea amaitu baino lehen egingo du zerrenda. BBVA izango da horietako bat.

5. Dibisa sistema

NDFk nazioarteko dibisa sistema egonkorragoa lortzeko bideak aztertuko ditu.

6. Ordezkaritza

Gorabidean diren herrialdeek-Txinak, Indiak eta Brasilek batez ere- ordezkaritza handiagoa izango dute NDFn, Europako herrialdeen kontura. Horrela, NDF erakunde «bidezkoagoa, sinesgarriagoa eta eraginkorragoa izango da».

7. Dohako erronda

Goi bileretako klasiko bat. Agiri guztietan agertzen da, aintzat hartzen ez duten seinale. Munduko merkataritza liberalizatzeko prozesua da, protekzionismoari aurre egiteko. 2001ean hasi zuten, baina oraindik ez dute amaitu. G20koek esan dute 2011. urtea «funtsezko aukera» dela negoziazioa amaitzeko.

8. Garapena

Konpromisoa hartu dute herrialde pobreekin «elkarlanean» aritzeko, herrialde horiei «hazkunderako ahalik eta gaitasun handiena eraikitzen laguntzeko».



BPGaren hazkundea (%)

Hiruhilekoan 2010-1 2010-2 2010-3 Azken urtean

Alemania. 0,6. 2,3. 0,7. 3,9


Erresuma Batua. 0,4. 1,2. 0,8. 2,8


Errumania. -0,3. 0,3. -0,7. -2,3


Espainia. 0,1. 0,2. 0,0. 0,2


Frantzia. 0,2. 0,7. 0,4. 1,8


Grezia. -0,6. -1,7. -1,1. -4,5


Herbehereak. 0,5. 0,9. -0,1. 1,8


Italia. 0,4. 0,5. 0,2. 1,0


Eurogunea. 0,3. 1,0. 0,4. 1,9


Europako Batasuna. 0,4. 1,0. 0,4. 2,1


AEB. 0,9. 0,4. 0,5. 3,1


EAE. 0,1. 0,3. 0,0. 0,6


Nafarroa. 0,4. 0,6. 0.5. 1,6
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.