Agindutakoa betetzeko esan diote Merkelek eta Hollandek Samarasi

Alemaniak eta Frantziak ez diote denbora gehiago eman nahi Greziari erreformak egiteko

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Greziak ez du jasoko Antonis Samaras lehen ministroak eskatutako «arnasa». Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta François Hollande Frantziako presidenteak esan diote agindutako erreformak egin behar dituela.

Merkel eta Hollande Berlinen bildu ziren atzo, Europako Batasuneko krisiaz hitz egiteko. Tartean, baita Greziaren egoeraz ere. Samarasek bi urte luzatu nahi du murrizketak egiteko eta BPGaren %3ko defizita lortzeko epea, 2014tik 2016ra. Merkelek eta Hollandek ez diote luzapenik onartu nahi. Alemaniako eta Frantziako agintariek nahi dute Greziak euroan jarraitzea, baina hori haren esku dagoela iradoki zuten atzo, horretarako hartutako konpromisoak bete behar dituela gogorarazi baitzioten Samarasi. Merkelek «animoak» eman zizkion «erreformekin jarraitzeko».

Hollandek nabarmendu zuen Greziaz gain euroguneak ere urratsak egin behar dituela ekaineko goi bilerako akordioak betearazteko. Banku batasuna batez ere. Banku batasuna indarrean jartzen denean, erreskate funtsek zuzenean lagundu ahal izango diete finantza erakundeei, herrialdeak eta herrialdeen zorrak zamatu gabe.

Samarasek aurrez aurre eskatuko die denbora gehiago Merkeli eta Hollanderi, eta zuzenean jasoko du Merkelen eta Hollanderen erantzuna. Samaras Merkelekin bilduko da gaur Berlinen, eta Hollanderekin bihar Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.