Agrocapeluk Tuterako lantegia itxi nahi du

CCOOk salatu duenez, enpresak Zaragozako lantegira bidali nahi ditu hirurogei langileak, 90 kilometrora.

Iker Aranburu.
2024ko maiatzaren 23a
14:30
Entzun

CCOOk zabaldu duenez, Agrocapelu sozietate kooperatiboak jakinarazi dio itxi egin nahi duela Tuterako lantegia (Nafarroa), eta han aritzen diren hirurogei langileak beste lantoki batera eramango dituela.

Agrocapeluk brokolia eta azalorea ekoizten ditu, eta AEBetan saltzen ditu batez ere, Actiture markaren bitartez. Ekoizpena La Almunia de Doña Godina (Aragoi, Espainia) herriko etxalde batean egiten du, baina enpresaren bulegoak eta biltegi bat Tuteran ditu. Azken hori ixteko eta hango langileak «beste leku batera eramateko» asmoa duela azaldu dio enpresak CCOOri. Sindikatu horrek ditu enpresa batzordeko hiru ordezkariak.

Enpresak ez du zehaztu langileak nora lekualdatuko dituen, baina sindikatuak uste du La Almudia de Doña Godinara bidaliko dituela, Tuteratik 90 kilometrora. «Onartezina da langile gehienentzat eta haien familientzat», uste du CCOOk.

Gaur zortzi hasiko dituzte negoziazioak, eta CCOOk azaldu du bere lehentasuna dela enpleguak Tuteran geratzea. Bilera bat eskatu diete udalari eta Nafarroako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.