Agur bidaiariei Forondan

Arabako aireportuaren ordutegia zortzi ordura mugatzea erabaki du AENAk, eta soilik gauez egongo da martxanEAJk ohartarazi du «arriskuan» jarriko dela azpiegituraren etorkizuna bera

Agur bidaiariei Forondan.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Forondan hegaldi komertzialak berriro lurreratzen ikusteko aukera urruntzen ari da. Espainiako aireportuak kudeatzen dituen sozietate publikoak, AENA Aeropuertosek, eta Sustapen Ministerioak azpiegituraren ordutegia bi heren murriztea erabaki dute. Foronda ez da itxiko, baina gauez bakarrik ariko da lanean.

AENAren erabakiak ondorio zuzenak ditu. Orain arte 24 orduz irekita zegoen aireportua. Alegia, hegaldiak edonoiz jasotzeko prestatuta zegoen. Malgutasun hori zen, gainera, airelineak erakartzeko asmoz Arabako Foru Aldundiak eta aireportua sustatzen duen VIA elkarteak azpimarratzen zuten indargune nagusietako bat.

Murrizketa gauzatzen denean astero 60 orduz egongo da irekita Foronda, zortzi ordu eta erdi baino ez egunero. Ordutegi horrek ez dio trabarik egingo aireportuaren jarduera nagusiari, merkantzien garraioari, baina azpiegitura soilik gauean eta goizaldean zabaltzera behartuko du. Alegia, bidaiari zirkulazioa nekez egongo den orduetan.

Antzeko erabakiren bat espero zen Araban, Ana Pastor Sustapen ministroak bidaiari zirkulazio gutxien zituzten aireportuetan murrizketak egingo zituela iragarri zuenetik. Forondaren etorkizuna eztabaida iturri izan da azken asteotan, eta oposizioko alderdiek behin baino gehiagotan eskatu diote Javier de Andres ahaldun nagusiari aireportuaren defentsari lehentasuna ematea. Joan den ekainaren 11n Forondan murrizketarik ez egiteko eskatzen zuen mozioa onartu zuten Batzar Nagusiek, PSE-EEk proposatuta. PPko biltzarkideek Sustapen Ministerioaren asmoak ulergarriak zirela ziurtatu zuten bilkura horretan.

Albistearen berri izan bezain pronto, Forondaren etorkizuna bera arriskuan dagoela ohartarazi zuen EAJk. «Sustapen Ministerioaren erabakiak aireportuaren itxiera eragin dezake», Ramiro Gonzalez EAJko batzarkide eta bozeramailearen aburuz. Orduak gutxitzearen ondorioz, oraingo langile kopurua ere murrizteko arriskua dagoela uste du, gainera. «Aireportua 24 orduz zabalik izatea ez da gastu bat, inbertsio bat baizik, jarduera eta diru sarrera handiagoak eragin ditzakeena», argudiatu zuen Gonzalezek.

Datorren astelehenean Forondari buruzko eztabaida itzuliko da Batzar Nagusietara, jeltzaleek auziari buruz egin dioten galdera erantzun beharko baitu De Andres ahaldun nagusiak.

Galerak argudio

Espainiako Gobernuak du Hego Euskal Herriko aireportuen jabetza eta kudeaketa osoa, AENAren bidez. Forondarekin batera, Hondarribiko eta Noaingo aireportuak ere agertzen dira plan berrian. Hori bai, Iruñeko aireportuaren ordutegia astero pare bat ordu baino ez da jaitsiko. Hondarribikoak gaur egungo kopuruari eutsiko dio, hamalau ordu egun bakoitzeko.

Bidaiari zirkulazio txikiena duten aireportuentzako plana izango da. Helburu nagusia multzo horrek iaz izan zituen galera ekonomikoak, 66 milioi euro, erdira jaistea da 2013. urtearen amaierarako. Forondak 10, 2 milioi galdu zituen iaz, Noainek 7,7 milioi, eta bost baino gehiago Hondarribiak. Loiuk irabaziak izan zituen, ordea: 1,7 milioi.

1980. urtean ireki zen Foronda, Euskal Herriko aireportu nagusia bihurtzeko helburuarekin. Haatik, ez ditu sekula bete hasieran egindako aurreikuspenak. Bidaiari zirkulazioan behera egin izan du urtetik urtera azken bi hamarkadetan. Ryanairrekin egindako akordio polemiko batek baino ez zuen suspertu egoera 2006. eta 2007. urteetan. Iaztik ez du hegaldi finkorik. VIA elkarteak ziurtatu zuen hainbat negoziazio martxan zituela, baina udarako ez du airelinea berririk lortu.

Bidaiariekin izandako porrota merkantzien garraioarekin zuzendu zuen Forondak. Aireportu garrantzitsua da alor horretan. Izaera hori indartzeko asmoz, aeronautikako enpresak erakarri eta VIAP izeneko industrialdea sustatu nahi dute erakundeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.