Lan gatazkak

Aguraingo DHLn 70 eguneko greba amaitu dute

Soldatak eta lan baldintzak hobetzen dituen akordio bat lortu dute enpresarekin.

Aguraingo DHLko langileen protesta bat, artxiboko argazki batean. ELA
Iker Aranburu.
2019ko uztailaren 30a
15:32
Entzun

DHL logistika enpresak Agurainen (Araba) duen lantegiko langileen batzarrak ontzat eman du zuzendaritzarekin lortutakoa akordioa, ELAk azaldu duenez. Sindikatu horrek zoriondu egin ditu beharginak, "gatazkari amaiera ona eman diotelako".

Lan hitzarmena 2021. urtera arte izango da indarrean, eta epe hori amaitu ondoren ere izango da indarrean (ultraaktibitatea). Gainera, azken lan erreformak dioenaren aurka, zuzendaritzak ezingo du bere kabuz indargabetu.

Enpresako ituna Arabako saltoki handien hitzarmenari lotuta zegoen orain arte, baina aurrerantzean lurralde horretako salgaien garraio sektorekoa izango du erreferentzia.

KPIaz gaindiko soldata igoerak finkatzen ditu itunak, eta zortzi beharginena 3.500 euro handituko da, haien lan maila igo egin dutelako. Gainera, orain arte aldi baterako kontratua zuten 11 langilek kontratu mugagabea izango dute aurrerantzean. Hemendik aurrera aldi baterako enplegua mugatzeko neurriak ere hartu dituzte: epe mugatuko kontratuen legezko iraupena mugara iristen denerako automatikoki finko bihurtzeko formulak ezarriko dira.

ELA oso gustura azaldu da. Ituna "ez zatekeen posible izango DHLko langileek beren eskubideen alde borroka egin ez balute, lehen unetik oso argi baitzeukaten antolatuz eta bat eginez gero lan hitzarmen ona lortuko zutela. Langileek egin duten borroka duinaren arrakasta are pozgarriagoa da kontuan izanik aldarri nagusiak ez zirela soldata igoerara mugatzen, baizik eta batez ere plantillako kolektiborik ahulen eta prekarizatuenen baldintzak hobetzen saiatu direla".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.