Espainiako Gobernuak lan erreforma indarrean jarriz geroztik Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan egiten den lehen «kaleratze kolektiboa» da, EAEko CCOOren iritziz. Aguraingo (Araba) Thaiser enpresak 47 langileetatik 45 bidaliko ditu. Maiatzetik kobratu gabe zeuden. Sindikatuaren iritziz, enpresa erreformaren zain egon da langileak ahalik eta merkeen bidali ahal izateko.
Mugagabeko lan kontratua zuten guztiek. Araudi berria kontuan hartuta, lan egindako urte bakoitzeko hogei egun kobratuko dituzte: horietatik hamabi egun enpresak pagatuko ditu, eta Fogasa soldatak bermatzeko funtsak osatuko ditu gainerako zortzi egunak. Thaiserren kasuan, ordea, diru guztia Fogasak jarriko duela uste du sindikatuak, bai kalte-ordainena eta bai atzeratutako soldatena. «Soldatak ordaindu gabe denbora irabazi du hilabeteetan, eta orain likidezia faltarekin arrazoitzen ditu enpresak kaleratzeak. Likidezia falta badu, pentsa daiteke Fogasa egingo dela guztiaren erantzule». Bidaliko ez dituzten bi langileen zeregina enpresa ixtea eta likidatzea izango dela uste du sindikatuak.
CCOOren iritziz, lan erreformak «kalitatezko enplegua suntsitzeko ateak ireki» ditu. Hala, hurrengo hilabeteetan ere antzeko kasu asko izango direla ohartarazi du.
Hain zuzen, atzo jakin zen horietako bat. Araban bertan, zuzendaritzak Yosu Thermik enpresa ixteko asmoa agertu du. Susmoak bazituzten arren, ezustean harrapatu ditu langileak erabakiak. «Araban espedienterik aurkeztu ez duten enpresa gutxi horietako bat da; kontratuak egin ditu, eta lan karga ere badu. Harrigarria, behintzat, bada kasua», azaldu du LABek. Arrazoi ekonomikoak argudiatu ditu enpresak industria jarduera eteteko. Sindikatuaren arabera, urte hasieratik atzerapenekin ordaindu ditu soldatak, eta abuztuko nomina oraindik ez dute kobratu.
Irailean hasi ziren susmoak langileen artean. «Makineria desagertu da, eta langileek erabiltzen dituzten ibilgailuei ez zaie berritu asegurua. Aurrerago, Internet bidez jakin zuten langileek enpresa salgai zegoela», azaldu du LABek. Langile batzordeari enpresa konkurtso legearen aurreko egoeran dagoela jakinarazi dio enpresak, nola itxi erabaki arte.
Gasteizen du egoitza nagusia Yosu Thermikek, Jundizko industrialdean, eta dendak dauzka Durangon, Eibarren eta Arrasaten. Guztira 28 langile aritzen dira enpresan. Aluminiozko leihoak eta ateak egin eta jartzeaz arduratzen da.
Hilabete greban
Igorreko (Bizkaia) Plasticos Ormazabal enpresako egoera ere salatu du LABek.Hango hamazazpi langileek hilabete daramate greban, maiatzetik honako soldaten zati bat ez dutela kobratu salatzeko.
Sindikatuak jakitera eman duenez, soldaten ordainketen atzerapenak maiatzean hasi ziren. Egoera okertu egin zen uztailean. «Orduan atzeratutako ordainketen egutegia zehaztu zuten enpresak eta langileen ordezkariek, baina zuzendaritzak ez du bete hitzemandakoa», azaldu du. Uztailean hasi ziren lehen lanuzteekin, eta greban irailaren 8az geroztik dira. «Gure helburuak lortu arte ez dugu jarrera aldatuko», esan du sindikatuak.
Aguraingo Thaiser enpresak 47 langileetatik 45 kaleratuko ditu
Gasteizko Yosu Thermik enpresa ixteko asmoa agertu du zuzendaritzak; 28 langile ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu