Ahotzetik alea bereiztu beharra dago burtsan ere. Mozkin berriak kaleratzen diren garaia aproposa izan ohi da horretarako. Baina aleen aukeraketa bera, uztak berak baldintzatzen du. Esan gabe doa, aurtengo uzta ez dela txarra izan (%14 inguru egin dute gora gure indizeek), baina Garateren 1.059. atsotitzak dion lez, arbolak anitz adar. Kontuak horrela, azken 10 saioetan 3 baino ez dira irabaziekin bukatu. Eta atzokoak ere, galeren arrastoari heldu zion goizetik denbora gehienean, igotzeko arrazoirik ikusi ez zuelako edo.
Microsoften emaitzen analisten aurreikuspenak bete izanak ez zuen ezer argitzeko balio izan, aldi berean datozen hiru hilekoetarako aurreikuspen kaskarrak eman baizituen. Gure ingurura hurbilduz, Edurnezurik (Telefonica) %0,67 galtzen zuen bitartean, SCH (+%0,52) eta BBVAk (+%0,44) gora egin zuten.
Gebro pulevak %15,2 gehiago irabazi du aurten urria bitarte, 87 milioi euro. Zenbait negozio ildo alboratuz, salmentak gutxitu baina errentagarritasuna igotzea lortu du azukrea, esnea eta arroza salerosten duen enpresak.
Google Internet bilatzaileak burtsaratzeko bere akzioen Saltzeko Eskaintza Publikoa (SEP) enkante bidez atera nahi du. Zailtasun legalak eta teknikoak gainditzea lortzen badu, adi ibili beharko dute bankuek.
BURTSA
Ahotzetik alea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu