AIACk ihes egin du

Langileen ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin bilduko dira gaur, geratzen zaizkien aukerak aztertzeko

Egunero bezala, atzo ere enpresako atarian elkarretaratzea egin zuten Ramon Vizcainoko langileek. JON URBE / ARP.
Donostia
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ramon Vizcainoren salbatzailea izan behar zuena, AIAC American Industrial Adquisition Corporation inbertsio funtsa, enpresaren arazorik handiena bihurtu da. Iragan astean, Oiartzungo enpresa uzteko asmoa zuela jakinarazi zion Eusko Jaurlaritzari, eta atzo, iragarritakoa baieztatu egin zuen. Modu bitxian, gainera. Ezer sinatu gabe eta inolako arrastorik utzi gabe ihes egitea da talde estatubatuarraren asmoa. Hala adierazi zien atzo gainerako akziodunei —Eusko Jaurlaritza eta Jesus Gomez Montoya— Donostiako notario batean egin zuten batzarrean. Teorian AIACrena da enpresaren %90, baina berak ukatu egiten du hori.

Jose Javier Rodriguez langile batzordeko ELAko ordezkariaren hitzetan, guztiak utzi ditu harritua AIACn jarrerak, bai akziodunak eta bai langileak. Azken horiek, gainera, zailtasun handiak izaten ari dira enpresan gertatzen ari dena jakin ahal izateko, atzoko bilera non zen ere ez baitzieten esan nahi izan. Hala ere, lortu zuten jakitea, eta notarioko atean itxaron zieten akziodunei, azalpenak entzun eta haserrea adierazteko. Rodriguezen esanetan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak izan ziren langileekin hitz egin zuten bakarrak. «Azalpenak eman baino gehiago, harridura agertu digute, eta batzarra bukatu bezain laster Diputaziora joan dira Gomez Montoyarekin batera, zer egin dezaketen aztertzera». Litekeena da auzitara jotzea, baina oraindik ez dute ezer erabaki.

Iazko akordioa, ezerezean

AIACk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Kutxak —Ramon Vizcainoren hartzekodunik handiena— Oiartzungo enpresa zulotik ateratzeko akordio bat egin zuten iazko uztailean. 22,5 milioi euroko inbertsio plana abian jartzea hitzartu zuten, 50 milioi euroko zorra eta 400 langile dituen enpresa salbatzeko.

AIACk enpresa kudeatzeko ardura hartu zuen orduan, horretan baita espezialista. Iruñeko Koxka ere berak erosi zuen iaz, eta oraindik inbertsioari eutsi egiten dio. Diputazioak berehala jarri zituen zegozkion 2,25 milioi euroak. Jaurlaritzak eta Kutxak, ordea, esan zuten Gizarte Segurantzak zorra atzeratzea onartutakoan jarriko zituztela zegozkien 11,25 eta 3,5 milioi euroak, hurrenez hurren. Gizarte Segurantzak joan den astean onartu zuen Ramon Vizcainoren eskaera, justu AIACek maletak egin zituen egun berean.

Horiek hala, berriro ere nora ezean da enpresa oiartzuarra. Langileen ordezkariak Lakuara joatekoak dira gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta. Zer esango dieten ez dakitela aitortu du Rodriguezek: «Litekeena da B plana dutela esatea, litekeena da gu salbatzera etorriko den eta azaltzen ez den enpresaburu horren bila jarraituko dutela esatea, edo litekeena da etsi egin dutela esatea. Kasu horretan, konkurtso legera jotzea litzateke geratuko litzaiguken aukera bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.