Autoglas-Glavistako 240 langileak iazko azarotik daude ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean, eta aski dela esan dute gaur Laudion (Araba) egin duten manifestazioan. Enpresaren zuzendaritzak kaleratze kolektiboa egiteko eskaera egin zuen joan den astean, eta atzo Aiaraldeko beste langileen elkartasuna jaso dute gaur langileek.
Aitor Merino enpresa batzordeko kidea da, eta adierazi du eskualdeko hainbat fabrika, eragile eta kolektiboetako jendea gerturatu dela gaurko protestara, «eskualde mailako manifestazioa» eginaz. Manifestazioaren aurretik lantegian asteazkenetik itxita zeuden langileak atera dira Laudioko karriketan protesta egiteko. Merinok dio itxialdia hasi zenetik plantilla gogotsuago dagoela, gora-behera askoko hilabeteak izan baitira aitzinekoak.
Atera dira itxialditik #GLAVISTA|n itxialdia egiten ari ziren langileak ehundaka herritarren txalo artean.
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) October 6, 2023
Laudioko kaleetara eramango dute haien aldarria mobilizazioan 👇 pic.twitter.com/wBh8g2Tuec
«Uztailean bazirudien lanera itzuliko ginela, baina azkenean atzera bota zuten proiektua eta beherakada sortu zuen jendearengan. Langileekin soldata-zorrak dituzte, eta batzuek beste lan bat topatu dute. Bulegoetako batzuek kontua eskatu dute», dio Merinok.
Autoglas-Glavista finantzatzen zuen Partner Capital eta Guardian multinazionala ez dira mugitzen ari, eta Eusko Jaurlaritza negoziazioetan dabil soluzio bat topatzeko. Merinoren arabera, ez dute informazio askorik bilera horiei buruz, Lakuako ordezkariak oraindik ez baitira langileenekin bildu. Langileek oraingoz dakiten bakarra da Jaurlaritza presionatzen ari dela, Guardianen labe handia berritzeko dirulaguntzekin jokatuz esaterako, baina oraindik ez dakite ezer.
Merinok dio Guardianek ez duela jarrera aldatu: «Guardianek dio Autoglas-Glavista erosteko dagoen proiektua ez dela bideragarria, eta ez ditu lurrak eman nahi. Baina ez da egia, proiektua guztiz bideragarria baita, eta Eusko Jaurlaritza Guardianen argudioak eraisten saiatzen ari da».
Halako egoerei aurre egiteko tresna publikorik ez izatea deitoratu du: «Enpresa honek enplegua eta aberastasuna sortzen du herriarentzat, eta lotsagarria da hemendik 6.000 kilometrora Michiganen (AEBak) hartutako erabaki batengatik kalean geratzea».
Erraldoien borrokan kaltetuak
Autoglas-Glavistako langileena bi enpresa multinazionalen arteko tira-biretan kaltetutakoen istorioa da. Hainbat salerosketa, negoziazio eta iritzi aldaketen ostean, lanik gabe geratuko direnak Laudioko plantako 240 langileak izango dira.
AEB Amerikako Estatu Batuetako Guardian enpresa multinazionalarena zen Laudioko lantegia. Bi planta zituen: beira fabrika bat, 200 langile eskasekin, eta autoetarako kristalezko piezak egiten zituztena bestea, 240 langilerekin.
Baina, 2020an, pandemia betean, Guardianek Suitzako Partner Capital funts putreari saldu zion bigarrena, Autoglas Opco enpresaren bitartez. Hala, planta hori Autoglas enpresak kudeatzera pasa zen, baina Glavista markarekin jarraitzen zuen produktuak saltzen.
Erosketa horren ostean, lehen unetik hasi ziren arazoak izaten. Iker Olazabal ELAren Aiaraldeko Industria arduradunak adierazi du «likidezia arazo handiak» izaten hasi zela enpresa, eta inbertsoreek dirurik injektatzen ez zutela gehitu du: «Hiltzen utzi zuten». Lehengaiak lortzeko arazoak ere izan zituzten, eta arazo horiek ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztera bultzatu zuen enpresa, 2022ko azaroan.
Lantegiak bazuen eroslerik
Iazko azarotik planta guztiz geratuta egon da, eta 2023ko martxoan, lantegia itxita eta langileak ABEEan zeudela ikusita, hartzekodunen konkurtsoa egin zuten. Bazirudien lantegiaren eta langileen etorkizuna kale gorrian zegoela, baina enpresa erosteko eskaintza bat egin zuen Guardianeko zuzendari ohi batek: Javier Garciak.
Inbertsoreak zituen, eta proiektu berriak enpleguari eta jardunari eutsiko zion. Hilabeteetako amesgaiztoaren amaiera zirudien, eta lanera itzultzeko data eta guzti zuten: uztailaren 4a. Hala ere, Olazabalen arabera, astebete lehenago dena pikutara joan zen, Guardianek ez baitzion Garciari lurra saldu nahi.
Proiektua aurrera eramateko Garciak zuen baldintza bakarra dena erostea zen: negozioa, lantegia eta lurra. Negoziatzen ibili dira, baina batak ez du lurra saldu nahi, eta besteak lurra bere izenean egon gabe ez du lantegia berriro martxan jarri nahi.
Olazabalen arabera, bai Guardianen eta bai Partner Capitalen asmoen arabera mugitu dira negoziazioak, eta uste du bien jarreragatik joango direla kalera 240 langileak. Eusko Jaurlaritza sartu da orain jokoan, baina Olazabalek ez du uste planta berriro irekitzeko aukera egongo denik.