Lehman Brothersen porrota txiki geratuko da baldin eta susmo txarrenak baieztatu eta AIGk ere hondoa jotzen badu. Aseguru etxeak dirulaguntza publikoa eskuratu ezean, oso litekeena da gaur bertan porrot egoera deklaratu behar izatea. AIGk 70.000 milioi dolar behar ditu bere eguneroko operazioetan jarraitu ahal izateko.
AEBetako Erreserba Federaleko eta herrialde horretako banku nagusietako ordezkariak bilduta zeuden atzo gauean AIGrekin zer egin erabakitzeko. The New York Times egunkariaren arabera, bankuak presio egiten ari ziren AIG diru publikoarekin salbatzeko. Hasiera batean Fedek nahi zuen kapital pribatuak laguntzea AIG, baina burtsan amiltzen ari zenez eta kalifikazio agentziek bankuaren zorraren balioa txikitu ostean, inork ez zuen halako dirutza arriskatu nahi.
AIGren balizko porrotak Lehman Brothersenak baino garrantzi handia izango luke. Izan ere, mailegu hipotekarioez osatutako bonuen aseguratzaile handienada eta banku guztiekin du tratua. Kenneth Lewis Bank of Americako buruak ziurtatu duenez, AIGren erorikoak banku guztiei eragingo lieke. Eta ez bankuei soilik, AIG baita bizi aseguruen eta erretirorako aurrezki produktuen emaile handienetako bat. Baita AEBetatik kanpo ere.
HBOS ere estu
Azken ekaitzak ez ditu, oraingoz, Europako finantza erakundeak bota, baina halakoa gertatuz gero Halifax-Bank of Scotland (HBOS) da hautagai nagusia. HBOSek 100.000 milioi libera esterlinako zorra berriro finantzatu behardu aurki, eta analistek diotenez, zaila izango du merkatua dagoen moduan egonik. HBOSek, ordea, gogorarazi du gordailuetan soilik 258.000 milioi libera dituela eta horri esker ez duela arazorik izango finantzazioa aurkitzeko.
AIG aseguru etxeak ere laguntza publikoa eskatu du porrot ez egiteko
Haren erorketak Lehman Brothersen bankuarenak baino ondorio are larriagoak izango lituzke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu