Erretreten erreformaren lehen irakurketaren alde bozkatu badute ere Frantziako Legebiltzarreko diputatuek, dekretua bertan behera uzteko oraindik ez dela berantegi deritzote horren aurka daudenek. Izan ere, urriaren 5ean senatarien aldi izanen da bozkatzea. Horiek horrela, protestaren indartzeko asmoarekin datoz bihar. Aurtengo hirugarren protesta nagusia osatuko du biharkoak, hain justu, erretreten harira.
Behin baino bietan hobe, bi manifestazio nagusi antolatuak dituzte Lapurdin. Bata bihar goizean iraganen da. Baionako karrikak betetzeko deia egin dute CFDT, CFTC, CGT, FO, FSU, Solidaires eta UNSA sindikatuek. Manifestazio jendetsua espero dute. Gutxienez irailaren 7ko protestan zenbatu 15.000 manifestari biltzea nahiko lukete. Orduan lortu «arrakasta» ondoren Nicolas Sarkozy Frantziako lehendakariak eman erantzunak ez baitzaizkie egokiak iruditzen. Proposatu erretreten erreformak daukan joera «injustaeta onartezina» ez dutela zertan aldatzen deritzote sindikatuek. Lan Burtsatik abiatuko da manifestazioa, 10:30ean. 10:15ean LAB sindikatuak Reduit plazan finkatua du ordua. Hortik hartuko du gainerateko sindikatuek osatu martxa.
Baina ez da horrekinbururatuko protesta eguna. Euskal Herriko Erretreta Kolektiboak arratsaldean Miarritzeko bidea hartzeko gomita baitu egiten. Miarritzeko Irati azoka gunean biltzekoak baitira UMP alderdi politikoko parlamentariak, bi eguneko parlamentarien egunen karietara. Besteak beste, Frantziako François Fillon lehen ministroa baita Michele Alliot-Marie Justizia ministroa biltzekoak dira bertan. Kolektiboak bere haserrea zuzenean entzunarazteko asmoa dauka. Elkarretaratzearen tenore zehatza ez du oraindik komunikatua, baina aireportuko bidegurutzean izanen dute bilgunea, eta, itxuraz, arratsalde hasieran izanen da.
Protestez gain, grebarako deia ere egina dute sindikatuek. Alde horretatik ere denborarekin haserrea hantuz doala nabarmendu dute, irailaren 7ko grebalarien kopurua lekuko. Diotenez, aitzineko protesta egunean baino grebalari gehiago izan ziren. Bihar oraindik gehiago izatea espero dute.
Aitzineko protestetan baino jende gehiago espero dute bihar
Erretreten erreformaren aurka, bihar goizean manifestazioa dago Baionan; arratsaldean, Miarritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu