Ez galdu denborarik G20koen azken agirian dirutan zenbatutako konpromiso zehatzak bilatzen. Ez dago halakorik. Hazkundea eta enplegua sustatzeko «ekintza plana» adostu dutela ziurtatu dute Cannesen (Frantzia) bildutako liderrak, eta Nazioarteko Diru Funtsari (NDF) krisiaren aurka borrokatzeko behar beste bitarteko bermatuko dizkiotela agindu dute. Goi bilera bati dagokion gisan, hitz eta asmo handinahiak bai, xehetasunak inon ez, ordea.
Finantza krisiak eztanda egin ondoren laudorio asko jaso zituen nazioarteko erabakigunea G8koen taldetik G20koenera aldatzeko erabakiak. Ez da harritzekoa talde indarberrituaren lehen bilerek izan zuten ikusmina. Kapitalismoa «eraberritzeko beharraz» hitz egiten zen, finantza sistemaren gehiegikeriak kontrolatzeaz ere bai. Arazoa da harrezkero lau urte igaro direla, eta, krisiak atal bat bestearen atzetik erretzen dituen bitartean, nazioarteko erantzunak gero eta eskasagoa dirudiela.
Zehaztasun falta hori justifikatzen saiatu ziren G20koen ordezkari batzuk. «Arazoa ez da akordiorik ez dagoela. Arazoa da xehetasun eta ekintza guztiak ez direla zertu», David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroaren hitzetan. Goi bileran Europatik krisiari «erantzun sinesgarria» eman izana onartu dela ziurtatu zuen Nicolas Sarkozyk, Frantziako estatuburuak. Hitzak hitz, ez zen erreakzio onik izan merkatuetan, eta galerak izan ziren burtsetan.
Oraingo honetan erronka zehatza eskatzen zitzaien munduko hogei potentzia ekonomiko nagusiei: Greziaren eta eurogunearen arazo gordinari erantzun bateratua ematea. Alde horretatik, etsigarria da emaitza. Urriaren 26an Europak onartu zituen neurriak ontzat jo dituzte G20koek, eta «azkar» martxan jartzeko eskatu du. Goi bilera baliatuz, beste herrialde batzuetatik Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsean (EFSF) laguntzeko konpromisoren bat espero zen, baina inork ez du urratsik egin. Erreskate funtsa indartzeko NDFren diru baliabideak erabiltzeko aukera ere urrundu da. NDFren dirua ez da finantza tresnak osatzeko, herrialdeak laguntzeko baizik.
Greziako amesgaiztoari ez zaio aipamen berezirik egiten liderren adierazpenean. Hori bai, Greziaz gain propio izendatua izatearen zalantzazko ohorea Italiak izan du. Lau hilean behin NDFren «egiaztatze publikoa» eskatu izana eskertu diote G20koek Silvio Berlusconiren gobernuari.
Pizgarriak eta murrizketak
Hazkundea lortzeko eta enplegua bultzatzeko ekimenaren barruan alde biko konpromisoak finkatu dira. Batetik, ekonomia aurreratuek hazkundeari laguntzeko politika zehatzak hartuko dituztela adierazi dute; baina, horrekin batera, defizita jaisteko neurri «garbi, sinesgarri eta berariazkoak» jarriko dituzte martxan. Azken finean, zorrarekin itota ez dauden gobernuen eskuetan utzi dira jarduera bultzatzeko erabakiak, «herrialde bakoitzaren egoeraren arabera».
Bestetik, superabit komertzial handiak dituzten herrialdeak prest daude barne kontsumoa suspertzeko neurriak martxan jartzeko. Txina eta Alemaniaz gain, Australia, Brasil, Kanada, Hego Korea eta Indonesiak bat egin dute asmo horrekin. Aurrera begira, konpromisoa beteko dela egiaztatzeko modurik ez dago. Alemaniari, esaterako, behin baino gehiagotan eskatu zaio pizgarriekin jarraitzea, baina Angela Merkelen gobernuak orain arte kontrako bidea hartu du, eta bere defizita 80.000 milioi euro jaisteko programa batean engaiatuta dago.
Beste herrialde batzuek dagoeneko ezagunak ziren pizgarri egitasmoak eraman dituzte goi bilerara. AEBek Barack Obama presidenteak aurkeztutako enplegu plana defendatu dute, eta Japoniak martxoko lurrikararen ondorioei aurre egiteko eta azpiegiturak berreraikitzeko dirua bideratuko du.
Beste herrialde talde batek adierazi du 2013an 2010ean zuen defizita erdira jaitsiko duela eta 2016rako zorra handitzeari utziko diola. Multzo horretan daude Frantzia, Italia, Espainia, Erresuma Batua eta Alemania bera. Europatik at, bide hori hartuko dutela esan dute Australiak, Kanadak, Hego Koreak eta AEBek.
Diru gehiago NDFrentzat
Azken agiriaren arabera, NDFri behar beste baliabide bermatuko diote G20koek krisiaren aurka egiteko, eta diru gehiago mobilizatzeko prest daude. Alta, Finantza ministroek abenduan egingo duten batzarrera arte atzeratu da eztabaidaren hasiera. Christine Lagarde NDFko burua ez dago atzerapenarekin arduratuta, eta akordioak bere erakundeari «mugarik gabeko baliabideak» ziurtatuko dizkiola uste du.
Mezu baikorra ematen saiatu zen Lagarde baita ere Cannesen hitz emandakoaz. Haren arabera, onartutako planari esker 20 eta 40 milioi lanpostu bitartean sortuko dira datozen bost urteotan, eta munduko hazkunde ekonomikoari puntu eta erdi gehituko zaio 2016. urtera bitartean.
Bestalde, finantza tratuak zergapetzeko ekimenean ere ez zuten aurrerapausorik eman.
Zorraren krisia. G20koen bilera Cannesen
Akordioa bai, dirurik ez
Ekonomia suspertzeko neurriak agindu dituzte G20ko ekonomia aurreratuek, baina helburu zehatzak finkatu gabeBeste herrialdeek eta NDFk ez dute argi ikusten Europako erreskatean laguntzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu