Azken bederatzi hilabeteotan Urnietako IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoa itxita eta Irungoa erdizka lanean eduki duen greba astelehenean bukatuko da. Hala esan dio BERRIA-ri langile batzordeko kide negoziatzaile batek. Bi aldeak Precoren Donostiako egoitzan elkartu dira gaur 12:30ean, eta bazkaltzeko eten bat egin ondoren, azkar heldu diote berriro elkarrizketari; mahai gainean zegoen akordio oinarria orrazteko helburua zuten, eta oraintxe lortu dute. Akordio hori sinatu dute dagoeneko, eta langileen batzarrak berretsi behar du orain. Iluntzean elkartuko da horretarako. Bihar, ezusterik ez bada, itun berria sinatuko dute bi aldeek Precon.
"Arrasalde partean hau ixtea espero dugu", esan du batzordeko kideak arratsalde hasieran, eta arrazoi zuela ikusi da orain. Hala, ekainaren 15ean hasitako greba luzea akordio horrekin bukatuko litzateke, bederatzi hilabete pasatxo eta gero. Greba hasi zenetik, gipuzkoar askok Nafarroan egiten dituzte beren ibilgailuen azterketak, urrutigo dauden zentroetara joan beharrak ekartzen duen kaltearekin.
Aurreko astean "puntu bakarra" geratzen zen konpontzeko, Ketxus San Emeterio (ELA) enpresa batzordeko lehendakariak azaldu zuenez. Desadostasun hori konpontzeak, hala ere, bazuen bere zailtasuna, enpresaren eta langileen esku ez ezik, neurri batean Eusko Jaurlaritzaren esku ere baitago. Izan ere, 2012, 2013 eta 2014. urteei buruzko soldatetan akordioa lortu ondoren, 2015 eta 2016. urteetan kateatuta zeuden bi aldeak. San Emeterioren arabera, langileak prest daude printzipioz soldata izozteko, baina jarduera maila handi bat izanez gero, KPI adina igotzeko aukera nahi dute. TUV Rheinlandek baldintza bat jarri du horretarako: Jaurlaritzak tarifen igoera bat onartzea. Hau da, beren ibilgailuak aztertzera eramaten dituztenek gehiago ordaintzea zerbitzuaren truke.
Enpresa batzordeak ez zuen begi onez ikusten baldintza hori. Haren esanetan, TUV Rheinlandek badu nahiko irabazirik balizko soldata igoera hori bere gain hartzeko. San Emeterioren datuen arabera, soldatetan bi milioi euro gastatzen ditu enpresak, eta sei milioi euro fakturatzen ditu. Ikusi egin beharko da, azkenean, gaur, akordio oinarri bat sinatzen bada, nola gaindituko den oztopo hori.
Akordio oinarri horrek TUV Rheinland enpresako langileen batzarraren onirizia beharko du gero. gaur iluntzean egitekoa da batzarra.
Gatazka luze bat
Irun eta Urnietako IAT zentroetako langileen lan gatazka aspaldikoa da. 2009an sei hilabetez egin zuten greba langileek, 2010ean %12ko soldata igoera sinatu zen arte. Akordio hori 2011ko abenduan iraungi zen, eta ostean lanuzteak hasi ziren 2012ko otsail aldera. Hilabete ugari joan dira akordiorik gabe enpresak eskaintzen zituen bi proposamenen inguruan.
2010eko akordioa berritzea eskaini zuen enpresak aurrena, baina langile guztiak ingeniaritza itunean sartuta, hots, administrazioko ituna baztertuta (langile batzuek administraziotik zetozenez, estatus horri eusti baitzioten). Beste aldaketa bat ere egin nahi zuen zuzendaritzak, eta garrantzitsua, sindikatuen ustez, ituna urratzeko erreformak ematen dien eskubidearekin baitu lotura. Horrelako kasuetan derrigorrezko arbitratzea egotea nahi zuen Precon, baina urraketa egin ahal izatea, finean.
Zuzendaritzaren bigarren proposamena izan zen 2010eko akordioa den bezala sinatzea berriro, baina soldatak «erreferentziazko itunen arabera» erabakitzea. Haiek berritzen diren edo ez diren unean uneko egoerara lotuta geratuko ziren soldatak, beraz. Ingeniaritzakoa, adibidez, bukatzear zegoen, proposamena egin zuenean.
Ostean, hurbiltzen joan dira aldeak, baina oso motel, greban bederatzi hilabete bete diren arte. Aurreko astean asko hurbildu zen akordioa, eta gaur bertan emaitzak egon dira.